Jalgitza liburutik 34, 4-6 ; 8-9.
Mois, goizean goiz jeikirik, Zinai mendirat igan zen,
Jaunak manatu zion bezala.
Jauna hedoian jautsi zen eta haren ondoan gelditu.
Moisek Jaunaren izenari dei egin zion.
Jaunak, haren aitzinetik iragaitean,oihu egin zuen :
“ Ni, Jahve, Jauna,
Jaungoiko urrikaltsu eta bihozbera,
hasarrerako nagia, urrikalmenduz aberatsa eta leiala.”
Mois berehala lurrerat ukurturik, ahuspez eman zen, erranez :
“ Jauna, atsegin banauzu,
ibil zaite, otoi, gure artean.
Herri hau buru gogorra da : barka gure gaixtakeriak eta bekatuak,
eta har gaitzazu zuretzat.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Daniel 3
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !
On eta saindu zu gure aiten Jainko Jauna :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !
On eta saindu, zuk bai ospea, bai izena :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
On eta saindu, zu gain hartako tenplo hartan :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
On eta saindu, zu sekulako erresuman :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !
On eta saindu, zu zerutik so, leizez leize :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
On eta saindu, zeru gain hartan Jaun baitzaude :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 13, 11-13.
Haurrideak,
bozkaria zaitezte, on baino hobeak izaitera lehia, elkar susta.
Izan gogo bereko, bizi bakean,
eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izanen duzue.
Agur zazue elkar besarkada sainduaz.
Fededun guziek goraintziak zueri.
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia,
Jainkoaren maitasuna
eta Izpiritu Sainduaren batasuna
izan bedi zuekin guziekin.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ospe Aitari, Semeari, bai Izpiritu Sainduari !
Orai den eta betidanik zen Jainkoari,
Bai eta berriz etorri behar zaikunari !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3, 16-18.
Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu,
haren baitan sinesten duenik ez dadin gal,
bainan betiereko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren kondenatzeko,
bainan bai, haren bitartez munduaren salbatzeko.
Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua,
sinesten ez duena, berriz, jadanik kondenatua da,
Jainkoaren Seme bakarraren izenean ez baitu sinetsi.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Pierre Andiazabal apeza, Mezetako deiak A urtea – sail berria)
Bat egiten dugularik Kristorekin Izpiritu Sainduaren bitartez, sar gaitezke Aitari egiten dion otoitzean, munduaren biziaren eta salbamenduaren alde.
1- Fedean gure haurride direnentzat, Aitaren eta Semearen eta Izpiritu Sainduaren arteko amodioaren lekuko kartsu izan diten, egin dezagun otoitz.
2- Testament zaharreko agertzearen arabera Jainkoari dei egiten dioten Juduentzat, eta ere Mahometanoentzat, egin dezagun otoitz.
3- Jainko baten baitan sinesten duten guzientzat, eta gizonaz goragoko nehor zerbitzatu nahi ez dutenentzat: denak argirat hel diten, egin dezagun otoitz.
4- Hemen bilduak girenentzat, gure familietako guzientzat, bereziki haur eta gazteentzat, gure fedea argi eta handi dadin, beti hobeki ezagut eta maita dezagun Jainkoa, egin dezagun otoitz.
Aita, adi zazu gure baitan ari den Izpirituaren deia, zure Kristoren otoitza entzuteko: harekin batean zure ganat itzultzen gira, haren bidez goretsia baitzira gizaldi eta gizaldietan.
Propositions à adapter par chaque paroissse