Apostoluen Egintzetarik 2, 14. 36-41.
Mendekoste egunean,
Petrik, hameka Apostoluen artean xutik, ozenki erran zuen :
“ Jakin beza segurki Izrael herri osoak :
zuek gurutzefikatu duzuen Jesus hura,
Jainkoak Jaun eta Kristo egin du.”
Hitz hauek bihotza hunkitu zioten entzuleeri,
eta Petriri eta beste apostolueri erran zioten :
“ Anaiak, zer egin behar dugu ? ”
Petrik ihardetsi zioten :
“ Bihozberri zaitezte,
eta zuetarik bakotxa bataiatua izan bedi Jesu Kristoren izenean,
bekatuak barka dakizkizuen,
eta Izpiritu Saindua ukanen duzue dohain.
Alabainan, zuentzat da agintza, eta zuen haurrentzat,
bai eta urrun diren guzientzat,
eta Jaunak, gure Jainkoak deituko dituen guzientzat.”
Beste hitz ainitzen bidez lekukotasun emaiten zuen Petrik,
eta sustatzen zituen, erranez :
“ Gizaldi galdu huntarik salba zaitezte.”
Orduan, Petriren hitza onartu zutenak bataiatuak izan ziren,
eta egun hartan, hiru mila lagun inguru dizipuluetarat bildu zen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
22. Salmoa
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
edo : Alleluia.
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Zer gainetarat nerabilan !
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan hor pitz arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa,
Haren izena zoin gozoa.
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau et-egun.
Banago-eta, Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Jondoni Petriren lehen epixtolatik 2, 20-25.
Haurrideak,
ongia egin ondoan, nekeak jasaiten badituzue,
hori gauza ederra da Jainkoaren begietan.
Hortarat deituak izan zirezte,
Kristok berak pairatu izan baitu zuengatik,
zueri etsenplua utziz, haren urratseri jarraik zaitezten.
Ez du harek bekaturik egin,
ez da haren ahoan maltzurkeriarik izan ;
laidoztatzen zutenean, ez zuen laidoztatzen ordainez,
sofriarazten ziotenean, ez zuen mehatxurik egiten,
bainan zuzen jujatzen duenaren eskuetan uzten zuen bere burua.
Bere gorputzean, gure bekatuak ekarri ditu
gurutzeko zuraren gainean,
gu, bekaturako hilik, zuzentasunaren arabera bizi gaitezen :
Haren zauriek sendatu zaituztete.
Galdurik zinabiltzaten, ardiak bezala;
bainan orai zuen artzain eta zaintzailearen ganat itzuli zirezte.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jesus, Artzain onak, bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezaguten dute : heientzat eman du bere bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 10, 1-10.
Egun hartan, Jesusek erran zuen :
“ Egiaz, egiaz diozuet :
Arditegian atetik sartzen ez dena, bainan beste nonbaitetik iganez,
hura ohoina da eta lapurra.
Atetik sartzen dena, hura da ardien artzaina.
Hari atezainak idekitzen dio
eta ardiek entzuten dute haren mintzoa.
Bere ardiak, bakotxa bere izenez, deitzen ditu,
eta kanporat eremaiten.
Bere ardi guziak atera dituenenan, aitzinean joaiten zaiote,
eta ardiak jarraikitzen zaizkio, haren mintzoa ezagutzen baitute.
Arrotz bati, aldiz, ez zaizkio jarraikiko, ihes eginen diote,
arrotzen mintzoa ez baitute ezagutzen.”
Parabola hori atera zioten Jesusek,
bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
Jesusek, beraz, erran zioten :
“ Egiaz, egiaz diozuet : ni naiz ardien atea.
Ni baino lehen etorri direnak oro, ohoinak eta lapurrak dira ;
bainan ardiek ez dituzte entzun.
Ni naiz atea.
Nitarik sartzen dena, salbatuko da ;
sartzen eta ateratzen ahalko da eta aurkituko du alapide.
Ohoina ez da heldu ebasteko, hiltzeko eta suntsitzeko baizik.
Ni, aldiz, etorri naiz bizia izan dezaten, eta gaindika izan dezaten.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse