Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 43, 16-21.

Hunela mintzo da Jauna,
itsasoan bide bat egin zuena, eta bidexka bat ur oldartsuetan ;
karro eta zaldi, soldadu eta gudari ahaltsuak
gudurat ereman zituen ;
hara, erori dira, berriz ez jeikitzeko,
itzali dira, erre, kandela-mitxa bezala.
Hunela mintzo da Jauna :
“ Ez oroit iraganean gertatuez, ez gogoan izan lehengoak.
Beha : dena berri egitera noa :
hasia da sortzen, ez ote duzue ikusten ?
Bidea idekiko dut basamortuan, ibaiak leku idorrean.
Basa ihiziek, otsoek eta ostrukek goretsiko naute,
ura emanen baitut basamortuan, ibaiak sortaraziko leku idorrean,
herriari, nere hautetsiari edatera emaiteko.
Neretzat moldatu dutan herri horrek
nere goresmenak erranen ditu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

125. Salmoa
Handizki gaitu Jaunak lagundu :
Hara non garen bozkariatzen.

Preso zirenak baititu Jaunak erakarri,
Gu ginen kasik ametsetan.
Ahoa zabal ginauden oro dena irri,
Kanta soinuak ezpainetan.

Bertze jendeek egiten zuten so elgarri :
“ Ari da Jauna heien baitan.”
Handizki dauku Jaunak eskua eman guri :
Hara nun garen lorietan.

Eman zuk, Jauna, gure jendean indar berri,
Urek bezala mortuetan.
Nigar-hipetan joaten direnak ereilari,
Uzta bilari lorietan.

Haratekoan harat doatzi pleinuz ari,
Hazi bihiak eskuetan.
Hunatekoan hunat datortzi kantuz ari,
Espal ederrak besoetan.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Filipeko giristinoeri 3 , 8-14.

Haurrideak,
lehen irabazitzat nauzkanak,
orai galtze bezala dauzkat,
neurrigabeko ontasun hunen aldean:
Jesu Kristo gure Jaunaren ezagutzea.
Harengatik denak galdu ditut ;
denak ondarkintzat dauzkat, Kristo irabaztekotan,
eta haren baitan bizitzekotan.
Ez dut neurez zuzen izan nahi, Legeari obeditzetik,
bainan Kristoren baitan sinestetik :
Jainkoaganik heldu da zuzentasun hori eta fedea du oinarri.
Beraz, Kristo ezagutu nahi dut,
eta haren piztearen indarra nere baitan sumatu ;
haren lagun izan nahi dut haren Pasioneko oinazeetan
haren heriotzea nere baitan berrituz,
hilen piztean parte izanen dutalako esperantzan.
Ez dut erraiten saria eskuratua dutala,
edo helmugarat heldua naizela ;
bainan nere lasterkaldia segitzen dut hartaz jabetu beharrez,
Jesu Kristo nitaz jabetua den bezala.
Haurrideak, ez dut uste sariaz jabetua naizela.
Hau da bakarrik konda :
gibelean dena ahantzirik, aitzinerat noa,
lasterka helbururat, sariaren irabazteko,
gain hartarat deitzen baigaitu Jainkoak
Kristo Jesusen baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Jauna bihotzez da betea,
zein maite duen barkatzea.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 8 , 1-11.

Jesus Oliamendirat joan zen.
Biharamunean, argi zirrintan, Jerusalemeko tenplurat itzuli zen ;
herri guzia etorri zitzaion ;
jarri zen eta irakasten hasi.
Lege-irakasleek eta farisauek
emazte bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten, eta erdian ezarri.
Jesusi erran zioten :
“ Irakasle jauna, emazte hau adulterioan ari zela harrapatua izan da.
Moisek, legean, holakoak harrika hiltzeko manatu zaukun.
Eta zuk zer diozu ?”
Hori erraiten zioten hutsean atzemaiteagatik, gero salatzeko.
Bainan Jesus, ukurturik, erhiaz lurrean marra egiten hasi zen.
Heiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion,
xutitu eta erran zioten :
“ Zuetan bekaturik gabe denak bota diezola lehen harria.”
Eta berriz ukurturik, lurrean marrak egiten zituen.
Heiek, hori entzutearekin,
bat bestearen ondotik joan ziren, zaharrenetarik haste.
Jesus bakarrik gelditu zen, emaztea aitzinean zuela.
Jesusek, xutitu eta, erran zion :
“ Emaztea, non dira salatzaileak ,
Nehork ez zaitu kondenatu ?”
Harek ihardetsi :
“ Nehork, Jauna.”
Orduan Jesusek :
“ Nik ere ez zaitut kondenatzen.
Zoazi, eta ez egin gehiago bekaturik.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.