Izai profetaren liburutik 60, 1-6.
Xuti, distira, Jerusaleme, etorri baita zure argia,
eta zure gainean zabaldu Jaunaren aintza.
Beha: ilunbeak lurra estaltzen du,
bai eta gau beltzak herriak oro ;
zure gainean aldiz, altxatzen da Jauna
eta haren aintza zure gainean agertzen.
Zure argiari buruz etorriko dira herriak,
eta zure goiz-argi zirrintari buruz erregeak.
Altxa begiak inguruz inguru, eta beha :
Guziak biltzen dira, heldu zaizkitzu ;
zure semeak urrundik datortzi,
eta besoetan dakartzate zure alabak.
Orduan ikusiko duzu eta distiratsu izanen zira,
bihotza jauziko zaizu eta hantuko.
Zure ganat etorriko dira itsasoko ontasunak,
gizaldeen aberastasunak zuri ekarriko dauzkitzute.
Kamelu-taldeek estaliko zaituzte,
bai eta Madian eta Efako dromedarioek.
Zabako jendeak etorriko dira,
urrea eta intsentsua ekarriz,
eta Jaunaren laudorioak aipatuz.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
71. Salmoa
Herri guziak belauniko
Zaizkizu, Jauna, etorriko.
Emozu, Jauna, zure argia erregeri,
Zuzen dabilan zu iduri ;
Zuzenki bezo mana zure den jendeari,
Zure xumentzat xuxen ari.
Haren urtetan zuzentasuna dena lore,
Lurra lur deno, denek bake.
Hak itsasotik itsasoraino denak bere,
Ibaiak eta lurrak ere.
Tarzizko eta urrungo jaunak ahuspeka,
Dena emaitza badabilzka.
Egonen zaizko lurreko jaunak belauniko :
Jende guziak haren peko.
Lagunduko du oihuz ari den behartsua
Eta guziek ukatua.
Dohakaberi luzatuko du maiz eskua.
Heien zain dago apaldua.
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 3, 2-3. 5-6.
Haurrideak,
badakikezue Jainkoak bere onginahian
zuen onerako eman dautan grazia :
goi-agerpenez jakinarazi daut Kristoren mixterioa.
Mixterio hori ez zioten lehengo gizaldieri jakinarazi ;
orai, ordea, Izpirituaren bidez,
bere apostolu saindueri eta profeteri agertu diote.
Mixterio hori da : Ebanjelioari esker
paganoak ondare berean kide direla,
gorputz beraren menbro, eta agintza berean barne,
Kristo Jesusen baitan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ikusi dugu haren izarra dirdir ari,
eta Jaunaren adoratzera gu etorri.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 2, 1-12.
Jesus Judeako Betleemen sortu zelarik,
Herodes erregearen egunetan,
huna mago batzu etorri zirela
iguzkialdetik Jerusalemerat, galdeka :
“ Non da Juduen errege sortu berria ?
Haren izarra iguzkialdean ikusi dugu,
eta aitzinean ahuspekatzera heldu gitzaizkio.”
Hori entzutearekin, Herodes erregea durduzatu zen,
eta Jerusaleme guzia harekin.
Orduan, herrriko apezburu eta lege-irakasle guziak bildurik,
Mesias non sortzekoa zen galdegin zioten.
Heiek ihardetsi :
“ Judeako Betleemen, hau baita profetak izkiriatua :
Eta zu, Judako Betleem,
ez zira, ez, Judako hirietan ttipiena,
zure ganik aterako baita buruzagi bat,
Izrael nere herriaren artzain izanen dena.”
Orduan, Herodesek magoak ixilka deitu zituen
jakiteko izarra xuxen noiz agertu zitzaioten.
Gero, Betleemerat igorri zituen, erranez :
“ Zoazte eta galda xeheki haurraren berri,
eta, aurkituko duzuenean, jakinaraz zadazue,
ni ere aitzinean ahuspekatzera joan nakion.”
Erregea entzun-eta, abiatu ziren.
Eta huna iguzkialdean ikusi zuten izarra aitzinean zoakotela,
haurra zagon tokiaren gainean gelditu arte.
Izarra ikustean, bozkario handiz boztu ziren.
Etxean sarturik, ikusi zuten haurra, Maria bere amarekin,
eta ahuspez emanik, adoratu zuten.
Beren kutxak zabaldurik, emaitzak eskaini ziozkaten :
urrea, intsentsua eta mirra.
Eta Herodesen ganat ez itzultzeko ametsetan jakinik,
beste bide batetik itzuli ziren beren herrialderat.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Argi bat piztu da lurreko ilunbetan. Hari esker esperantzaz beterik, otoitz egin dezakegu:
1. Eliza izan dadin zure amodioaren ezagutgarri, zure bila dabiltzanez arta duelarik, eta berexiak direnen batetaratzeko griña, otoizten zaitugu, Jauna!
2. Jesus haurra eta zurekilako baketze osoaren seinalea dela sinesten duten guziekin, otoizten zaitugu, Jauna!
3. Heien gidatzeko izar baten bila dabiltzanekin, beren bizia norat doan xekatzen dutenekin, esperantza-gose direnekin, otoizten zaitugu, Jauna!
4. Trufania huntan munduan gaindi bilduak diren girixtinoekin, bai eta mezan gehiago parte hartzen ez dutenekin, otoizten zaitugu, Jauna!
Gizonak zure bila dabiltza, Jauna, senditua baitute hurbil zaudela.
Zuk duzu izarra piztu heien bihotzetan,
bainan ez dakite bidearen berri.
Gida zatzu, otoi, eta zaude heiekin menderen mendetan.
Parropia bakotxak egokitu behar du