Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 42, 1-4. 6-7.

Hunela mintzo da Jauna:
Huna nik xutik daukadan nere zerbitzaria,
atsegin zautan nere hautatua.
Hunen gainean ezarri dut nere izpiritua,
herrialdeeri ekarriko diote zuzenbidea.
Ez da deiadarka ariko, ez da oihuka mintzatuko,
ez du plazetan bere mintzorik entzunaraziko.
Kraskatua den kanabera ez du hautsiko,
ez eta itzaliko itzaltzera doan mitxa,
zuzenbidea leialki agertuko du.
Ez da durduzatuko, ez eta ere lehertua izanen,
zuzenbidea lurrean ezarri arte,
ugarteak haren erakaspenaren beha jarri arte.

Nik, Jaunak, zuzentasunean deitu zaitut,
eskutik hartu eta moldatu,
egin zaitut herriekilako nere batasun, eta jendaldeen argi,
itsuen begiak idekitzeko,
presondegitik giltzapetuak ateratzeko,
bai eta ere preso gelatik ilunbetan daudenak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

28. Salmoa
Jauna, zu gure begiralea,
Eman gaur ere zure bakea !

Bihur Jaunari, Jainko semeek, zor eskerrak,
Bihur bai ospe, bai indarrak
Bihur Jaunari harek eginen ospe gaitza,
Kantuz, ahuspez, hari mintza.

Jainko mintzoak itsas uretan zer indarra,
Jainko mintzoa zein ederra.
Jainko mintzoak bihurdikatzen haitz-buruak,
Oihanak uzten bipilduak.

Jainkoa mintzo ihurtzurien karrasketan,
Dagon tokian denek: ospe !
Jaun zagon Jauna uholdearen egunetan,
Jauna dago Jaun betiere!


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Apostoluen Egintzetarik 10, 34-38.

Zezarerat etorri-eta, ehuntari Erromano baten etxerat,
Petri mintzatu zen, erranez:
“ Orai ezagutzen dut
Jainkoak ez duela berexkuntzarik egiten gizonen artean;
Bainan onartzen duela, edozein herritakoa izanik ere,
haren beldur dena eta zuzen dabilana.
Berak igorri diote Izraelen semeeri bere Hitza,
bakearen berri ona emanez,
guzien Jauna den Jesu Kristoren bitartez.

Badakizue zer gertatu den Galileatik hasi eta Judea guzian gaindi,
Joanesek predikatu bataioaren ondotik:
Nazareteko Jesus,
Jainkoak kontsekratu duela Izpiritu Sainduz, eta indarrez bete.
Bazabilan ongia eginez,
eta debruak bere meneko zauzkan guziak sendatuz,
Jainkoa berekin baitzuen.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Egun zerua zabaldu da.
Izpiritua jausten da Jesusen gainera,
Eta ur handien gainetik Aitaren mintzoa :
“Hau nere Semea, Seme maitea !”

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 3, 13-17.

Egun hartan,
Jesus, Galileatik Jordanerat etorri-eta,
Joanesen ganat agertzen da, bataia dezan.
Joanesek, berriz, ez zuen holakorik nahi, eta erran zion :
“ Ni naiz zuk bataiatu beharra,
eta zu zira heldu nere ganat ! ”
Bainan Jesusek ihardetsi zion:
“ Bego oraikoan :
hola bete behar baitugu Jainkoak nahi duen guzia.”
Orduan Joanesek amor eman zion.

Bataiatu eta berehala, Jesus uretik atera zen.
Huna zerua zabaldu zela,
eta ikusi zuen
Jainkoaren Izpiritua jausten uso idurian,
eta bere gainerat etortzen.
Eta zerutik mintzo batek zion :
“ Hau da nere Seme maitea,
huntan dut nere atsegina ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Bataioaz Jainko-Semearen haurride gira:
eskain ditzogun Jainkoari gizonen esperantza eta pairamenak,
guzieri eman dezoten bere Izpiritu Saindua.

1. Jesus Jainkoaren ganik sortua dela sinesten dutenentzat,
eta fede horren bila dabiltzanentzat, egin dezagun otoitz.

2. Eliza guzietako artzainentzat, Jesus Salbatzailearen berri ona hedatzen ari diren guzientzat, egin dezagun otoitz.

3. Beren haurra bataiorako ekartzen duten aita-amentzat, eta bataiorako prestatzen ari diren jende helduentzat, egin dezagun otoitz.

4. Gerlak urratu herrietan bakearen eta zuzentasunaren alde lanean ari direnentzat, egin dezagun otoitz.

5. Goseak edo hotzak bortizki jotzen dituenentzat, etsimendutan dauden erientzat, egin dezagun otoitz.

5. Biltzarre huntan gaudenentzat, bereziki kominiatuko dutenentzat, eta ere hemendik urrun daudenentzat, egin dezagun otoitz.

Jainko gure Aita, beti zure Izpiritu Saindua
emaiten ari zira galdatzen dautzuteneri:
bil zatzu, otoi, mundu zabalean barreiaturik dauden zure haurrak,
eta egizkitzu orotan zure maitasunaren lekuko suhar.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du