Etorki liburutik 9, 8-15.
Uholde ondoan,
Jainkoak erran zioten Noeri eta haren semeeri:
“ Huna: batasuna egiten dut nik zuekin eta zure ondokoekin,
eta zuekin ditutzuen bizidun guziekin,
hegazti, abere eta lurreko ihiziekin,
untzitik atera eta lurrean bizi diren guziekin.
Nere batasuna egiten dut zuekin:
ez duela uholdeak berriz bizidunik hondatuko,
eta ez dela gehiago lurra suntsituko duen uholderik izanen.
Jainkoak erran zuen ere:
“ Hau da nere eta zuen artean, eta zuekin diren bizidunen artean,
gizaldiz gizaldi nik egiten dutan batasunaren ezaugarria:
Nere ortzadarra ezartzen dut hedoietan,
eta hura izanen da lurrarekin egin dutan batasunaren ezaugarri.
Hedoiak lurraren gainean biltzen ditudanean,
ortzadarra agertuko da hedoietan,
eta orroituko naiz zuekin eta bizidun guziekin dutan batasunaz,
eta ez da izanen gehiago bizidunak suntsituko dituen uholderik.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
24. Salmoa
Bideak, Jauna, denak ditutzu
Egia eta urrikalmendu.
Zure bideak erakuts, Jauna, otoi, neri:
Emazu ere xendren berri.
Zure egia igor zadazu aintzindari,
Dena bainago beti zuri.
Zer amodio duzun guretzat orroit, Jauna,
Zer sekulako bihotz ona.
Ez gogoan har nere gazteko bekatuak,
Nere gaitz ezin ukatuak.
Ona da ona eta zuzena Jainko Jauna:
Harek xuxentzen makur dena.
Apalak ditu zuzen zuzenik joanarazten,
Beren bidean ibil diten.
Jondoni Petriren lehen epixtolatik 3, 18-22.
Haurrideak,
Kristo bekatuengatik hil zen, behin betiko,
hobengabea hobendunengatik,
zuek Jainkoarenganat eremaiteko.
Bere gorputzean hil zuten, izpirituan bizirat itzuli zen.
Hola joan zen bere mezuaren hots egitera preso zaudeneri.
Horiek lehen sinesgogor izan ziren,
Jainkoak pazientzia luze zuen garaian,
Noek untzia egin zuenean.
Untzi hortan batzu bakarrik, zortzi lagun orotarat,
izan ziren urean barna salbatuak.
Delako ura, orai zuek salbatzen zaituzten bataioaren itxura zen.
Bataioa ez da gorputzeko zikinaren garbitzea,
bainan Jainkoari bere hitzaren emaitea kontzientzia garbi batekin,
Jesu Kristoren pizteari esker.
Hura, zerurat iganik, Jainkoaren eskuinean dago,
aingeru eta zeruko indar guziak baino gorago.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Ez da ogiz bakarrik bizi gizona,
Bainan Jainkoaren ahotik jalitzen den hitz oroz.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 1, 12-15.
Jesusek Joanesen bataioa hartua zuen.
Berehala, Izpirituak basamorturat joanarazi zuen.
Eta berrogoi egunez egon zen basamortuan,
Satanek tentatzen zuela.
Basabereen artean bizi zen, eta aingeruak zituen zerbitzari.
Joanes Bataiatzailea preso sartua izan zelarik,
Jesus Galilearat joan zen,
Jainkoaren Berri Ona hots egiten zuela, erranez:
“ Betea da denbora, eta hurbildua Jainkoaren erreinua.
Bihozberri zaitezte, eta sinets Berri Ona.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Jesusen Izpirituak, gure bataioko Izpirituak heda dezala gure otoitza munduko behar guzietarat.
1. Girixtino bakotxaren baitan handi dadin konbertitzeko gogoa, egin dezagun otoitz.
2. Nahigabe eta hersturan di renek ardiets dezaten indar eta kuraia, egin dezagun otoitz.
3. Gerlan diren herrialdeentzat, miseriak, goseak, langabeziak joak diren familientzat, etsimendutan eroriak direnentzat, egin dezagun otoitz.
4. Bazkoz bataiatuak izanen direnentzat, eta guhaurentzat: berri gaiten gure fedean, egin dezagun otoitz.
Bizien Aita, emozute oraiko gizoneri zure ezagutzea,
eta guri, konbertitzearen eta bihotz-berritzearen bideari gogotik lotzea.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du