A urtea / Jesusen Bihotz Sakratuaren besta

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Deuteronoma liburutik 7, 6-11.

Moisek erran zion Izraeli :
“Herri saindu zira zu Jaunarentzat, zure Jainkoarentzat :
Berak hautatu zaitu, haren herri izan zaitezen,
lurraren gainean diren herri guzien artean.
Jaunak ez zaituzte maitatu eta hautatu
beste herriak baino handiago zireztelakotz :
alabainan ttipiena zirezte.
Bainan bai maite zaituztelakotz,
eta zuen arbasoeri zin eginez eman hitza bete nahi izan duelakotz,
zaituzte Jaunak atera esku indartsuz,
eta libratu esklabutzatik, Egiptoko errege Faraonen menpetik.
Jakin zazu beraz, Jauna zure Jainkoa dela egiazko Jainkoa,
Jainko leiala, bere elkargoa eta urrikalmendua
mila gizalditan barna begiratzen duena
hura maite dutenentzat, eta haren manamenduak begiratzen.
Bainan higuin dutenentzat gaztigua dauka,
eta ez du berantzen holakoen suntsitzeko.
Begira, beraz, nik egun emaiten dauzkitzudan
manamendu, lege eta erabakiak, zuk bete ditzazun.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

102. Salmoa
Jainko bihotza ezin neurri,
Jainkozalentzat miresgarri.

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek, haren izenari !
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zein usu zaitzun urrikari !

Harek barkatzen noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori,
Emaiten dautzu amodioa minen sari.

Gauza orotan beti da Jauna zuzen ari,
Beren zuzena itzultzen baitu gaixoari.
Emana dio berak Moisi bere berri,
Izraelentzat egin du ainitz miragarri.

Ona da Jauna eta guzien urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Hala da Jauna, jainkozaleen urrikari.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 4, 7-16.

Maite maiteak,
elkar maita dezagun, maitasuna Jainkoarenganik baita,
eta maitatzen duena Jainkoarenganik sortua da
eta Jainkoa ezagutzen du.
Maitatzen ez duenak ez du Jainkoa ezagutzen,
Jainkoa maitasun baita.
Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna :
Jainkoak bere Seme bakarra mundurat igorri du
haren bidez bizi gaitezen.
Huntan da maitasuna : ez dugu, guk, Jainkoa maitatu,
Harek gaitu maitatu,
eta bere Semea igorri du
gure bekatuengatik eskainia den oparia.
Maite maiteak,
Jainkoak hola maitatu izan bagaitu,
guk ere elkar maitatu behar dugu.
Jainkoa ez du nehork nehoiz ikusi.
Bainan, elkar maitatzen badugu,
Jainkoa gure baitan dago,
eta haren maitasuna bere beterat heldua da gure baitan.
Huntarik dugu ezagutzen haren baitan gaudela,
eta hura gure baitan :
bere Izpiritua eman baitauku.
Eta guk ikusi dugu eta aitortzen
Aitak bere Semea igorri duela
munduaren Salbatzaile.
Norbaitek aitortzen badu Jesus Jainkoaren Semea dela,
Jainkoa haren baitan dago
eta hura Jainkoaren baitan.
Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi
Jainkoak guretzat duen maitasuna.
Jainkoa maitasun da :
maitasunean dagona, Jainkoaren baitan dago,
eta Jainkoa haren baitan.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jesus Jauna, bihotz ezti eta umila,
Zu baitan grazia eta urrikalmendua,
Zu baitan atsedena !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 11, 25-30.

Egun hartan,
Jesus mintzatu zen, erranez :
“ Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza horiek zuhur eta jakintsuneri gorde baititutzu,
eta ttipieri agertu.
Bai, Aita, hori izan duzu atsegin.
Nere Aitak denak eman dauzkit.
Nehork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik,
eta nehork ez du Aita ezagutzen, Semeak baizik,
eta Semeak agertu nahi dionak.
Zatozte nereganat,
nekatuak eta zamapean zirezten guziak,
eta nik atsedena emanen dautzuet.
Har zazue nere uztarria ;
eta ikas nereganik,
eztia eta bihotz-apala bainaiz ;
eta aurkituko duzue atseden zuentzat.
Bai, jasan errexa da nere uztarria, eta arina nere zama.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.