Erregeen lehen liburutik 8, 41-43.
Zalomonek hunela otoitz egin zuen Jerusalemeko Tenpluan :
“Arrotzek ere izanen dute zure izen handi, esku indartsu
eta egintza ahaltsuen berri.
Beraz, zure izenaren gatik, zure herri Izraelgoa ez den arrotz bat
urrungo lurraldetik heldu bada Tenplu huntan otoitz egitera,
Zuk, zerutik, bizi ziren leku hortarik, entzun-azu.
Emozu arrotzari eskatzen dautzuna.
Horrela lurreko herri guziek, zure herri Izraelek bezala,
jakinen dute zure izenaren berri, eta adoratuko zaituzte.
Eta jakinen dute, nik eraiki dutan Tenplu hau
zure Izenari dei egiten zaion lekua dela.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
116. Salmoa
Zoazte guziak munduz mundu
Berri onaren hedatzera.
edo : Alleluia.
Aipa zazue jende guziek Jainko Jauna,
Herri guziek erran goraki zoin den ona.
Guretzat duen amodioa betikoa,
Haren egia menderen mende nausi doa.
Jondoni Paulok Galaziarreri 1, 1-2. 6-10.
Nik, Paulok, apostolu naizenak,
ez gizonek igorriak, ez eta gizon baten bitartez,
bainan bai Jesu Kristok,
eta hura hilen artetik piztu duen Jainko Aitak,
bai eta nerekin diren haurride guziek
Galaziako elizeri izkiriatzen dautzuegu.
Harriturik nago, Kristoren graziaz deitu zaituztenarenganik
baztertu eta beste Ebanjelio baterat zein laster aldatu zirezten.
Bainan ez da beste Ebanjeliorik :
bakarrik hor zenbait zuen nahasten ari dira,
Kristoren Ebanjelioa uzkaili nahiz.
Beraz, norbaitek, guhaur edo zeruko aingeru bat izanik ere,
iragartzen badautzue Ebanjelio bat,
guk iragarri dautzueguna ez den Ebanjelioa,
madarikatua izan bedi!
Lehen ere erran dautzuegu, eta berriz diozuet orai :
norbaitek iragartzen badautzue
ukan duzuen Ebanjelioaz besterik,
madarikatua izan bedi!
Gizakien onespena bilatzen ote dut, ala Jainkoarena ?
Gizakieri atsegin emaitea bilatzen ote dut ?
Oraino gizakieri atsegin eman nahian banindabil,
ez nintzateke Kristoren zerbitzari.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu,
Haren baitan sinesten duenak
izan dezan betiereko bizia.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 7, 1-10.
Herriari egin hitzaldia bururaturik,
Jesus Kafarnaumen sartu zen.
Ehuntari erromano batek bazuen mutil bat eri, hilzorian,
biziki maite zuena.
Ehuntariak, Jesusen berri entzunik,
judu buruzagi batzu igorri ziozkan,
mutilaren sendatzera etor zadin galdegiteko.
Jesusenganat heldurik, otoizka ari zitzaizkion :
“ Merezi du hori egin diezozun,
maite baitu gure herria,
eta zinagoga ere berak egin baitauku.”
Jesus heiekin joan zen.
Etxerat hurbilduxea zela,
ehuntariak adiskide batzu igorri ziozkan erraitera :
“ Jauna, ez zaitela neka,
ez bainaiz on zu nere etxean sartzeko.
Horrengatik, nere burua ez naukan gai zureganat joaiteko.
Bainan errazu hitz bat, eta sendatuko zait mutila.
Ni ere, beste norbaiten menpean naizelarik,
soldaduak baditut ene peko,
eta bati erraiten diot : ‘Habil’, eta badoa ;
beste bati : ‘Haugi ’, eta etortzen da ;
eta nere esklaboari :‘ Egizak hau’, eta egiten du.
Hori entzutean, Jesus hortaz harritu zen.
Ondotik zuen jendearenganat itzulirik, erran zion :
“ Nik diozuet,
Izraelen ere ez dut aurkitu holako federik.”
Mandatariak etxerat itzuli zirenean,
sendatua aurkitu zuten mutila.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(P. Andiazabal apeza, « Mezetako deiak », C urtea – sail berria)
Aintzindariaren fede berarekin helaraz diezogun Jainkoari gure otoitza gizon guzien salbamendurako.
1. Ebanjelioa predikatzeko kargua dutenentzat : Paulok bezala bere osoan eta xuxen zabal dezaten, egin dezagun otoitz.
2. Ebanjelioko ehuntaria bezala, egiazko fedearen bila dabiltzanentzat, kausi dezaten norbait Jesusen berri emanen diotena, egin dezagun otoitz.
3. Gure artean bizi diren jende arrotzentzat : Tenploan Jainkoak ongi etorri egiten zioten bezala, guk ere hala egin diezotegun gure artean, egin dezagun otoitz.
4. Erientzat, agonian direnentzat : gure otoitzak lagun ditzan Jaunaren amodioari fidatzen, egin dezagun otoitz.
5. Pauloren denboran bezala orai ere Eliza nahasten ari direnentzat : Jainkoak konberti ditzan heien eta gure bihotzak, egin dezagun otoitz.
Jainko Jauna, entzun, otoi gure galdeak : eta zure bihotz onean emaguzu gizonentzat den hoberena. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse