Jeremi profetaren liburutik 1, 4-5. 17-19.
Jauna hunela mintzatu zitzaitan :
“ Zure amaren sabelean sortu aitzinetik,
ezagutzen zintudan ;
haren sabeletik jalgi baino lehen,
kontsekratu zintudan eta herrialdeentzat profeta ezarri.
Xuti, nik manatu guziak erranen ditutzu heien kontra.
Ez heien beldur izan.
Bestela, nik sartuko dautzut heien beldurra.
Nik, egiten zaitut gaur gotorleku,
burdinezko zutabe, brontzezko hesi,
herrialde guziaren kontra,
Judako erregeen eta buruzagien kontra,
hango apezen eta herri guziaren kontra.
Gerla eginen dautzute, bainan ez zaituzte garaituko,
zurekin izanen bainauzu, zure libratzeko.
Jaunak errana.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
70. Salmoa
Nere ahoak erranen du
Zutan dugula salbamendu.
Zu zaitut, Jauna, goza nahi,
Zu gaztedanik bihotz argi.
Sortzetik zaizkit zain egoki,
Beti zurea naiz osoki.
Ainitzeri naiz harrigarri,
Zu zaizkit-eta zain etorri.
Ezpainak ditut kantuz ari
Goiz-arrats zure ospeari.
Nik zuri kantu, Jaun zuzena,
Goiz-arrats kantu ; zer laguna !
Gaztetik nauzu zuk argitzen,
Ni zutaz kantuz ar nadien.
Geroko jendek duten entzun
Zuk zenbat duzun zuzentasun.
Zuk zenbat gauza egin duzun,
Parerik, Jauna, zuk ote nun ?
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 12, 31 – 13, 13.
Haurrideak,
gutizia zatzue Jainkoaren dohainik hoberenak.
Eta orai biderik hoberena erakutsiko dautzuet.
Lurreko eta zeruko hizkuntza guzietan mintzaturik ere,
karitaterik ez badut, maitasunik ez badut,
brontze soinulari, edo zinbal burrunbari baizik ez naiz.
Profeta dohaina, misterio guzien
eta munduko jakintza guziaren ezagutza,
bai eta mendiak lekuz aldatzerainoko sinestea ukanik ere,
maitasunik ez badut, deusik ez naiz.
Dutan guzia gose direnen artean partekatu,
eta nere gorputza erretzera emanik ere,
maitasunik ez badut, hori deusetako ez dut.
Irakurgai laburra hemen hasten da
Maitasuna jasankorra da eta laguntza emailea ;
Maitasuna ez da bekaiztia, ez da ahoberoa, ez urguluntzia.
Ez du behar ez denik egiten, ez du berea bilatzen,
ez da haserretzen, ez du herrarik atxikitzen.
Zuzengabekeriak ez du bozkariatzen,
bainan egian du kausitzen bere poza.
Dena barkatzen du, dena sinesten, dena igurikatzen, dena jasaiten.
Maitasuna ez da sekulan itzaltzen.
Profeta dohaina desagertuko da,
hizkuntza arrotzez mintzatzea geldituko,
jakitatea itzaliko.
Erdizkakoa baita gure ezagutza, erdizkakoa gure profezia.
Bainan betearen betea etorriko denean,
erdizkakoa itzaliko da.
Haurra nintzenean, haur eleak nituen,
haur asmoak, haur arrazoinak.
Gizondu naizenean, haurkeriak utzi ditut.
Orai dena hits ikusten dugu, mirailan bezala ;
egun hartan, aurpegiz aurpegi.
Orai erdizka ezagutzen dut ;
orduan, oso osoan ezagutuko dut,
Jainkoak ni ezagutzen nauen bezala.
Hiru gauza ditugu oraidanik, iraunkor direnak :
fedea, esperantza eta karitatea;
bainan hiruetan handiena karitatea da.
EDO BERTSIO LABURRA :
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 13, 4-13.
Haurrideak,
Maitasuna jasankorra da eta laguntza emailea ;
Maitasuna ez da bekaiztia, ez da ahoberoa, ez urguluntzia.
Ez du behar ez denik egiten, ez du berea bilatzen,
ez da haserretzen, ez du herrarik atxikitzen.
Zuzengabekeriak ez du bozkariatzen,
bainan egian du kausitzen bere poza.
Dena barkatzen du, dena sinesten, dena igurikatzen, dena jasaiten.
Maitasuna ez da sekulan itzaltzen.
Profeta dohaina desagertuko da,
hizkuntza arrotzez mintzatzea geldituko,
jakitatea itzaliko.
Erdizkakoa baita gure ezagutza, erdizkakoa gure profezia.
Bainan betearen betea etorriko denean,
erdizkakoa itzaliko da.
Haurra nintzenean, haur eleak nituen,
haur asmoak, haur arrazoinak.
Gizondu naizenean, haurkeriak utzi ditut.
Orai dena hits ikusten dugu, mirailan bezala ;
egun hartan, aurpegiz aurpegi.
Orai erdizka ezagutzen dut ;
orduan, oso osoan ezagutuko dut,
Jainkoak ni ezagutzen nauen bezala.
Hiru gauza ditugu oraidanik, iraunkor direnak :
fedea, esperantza eta karitatea;
bainan hiruetan handiena karitatea da.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ezagut dezatela lurrean zure bidea,
Herri guzietan zure salbamendua.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 4, 21-30.
Nazareteko zinagogan, Izai profeta irakurtu eta,
Jesusek erran zuen :
“ Gaur bete da, orai entzun duzuen Liburu Sainduko hitz hori.”
Denek aitormen egiten zioten, eta harriturik zauden
haren ahotik ateratzen zen graziazko mezuagatik.
Bainan zioten :
“ Hau ez ote da Josepen semea ?”
Orduan, Jesusek erran zioten :
“ Hain segur, erran zahar hau aterako dautazue :
‘ Medikua, senda zeure burua ’
Egizkitzu hemen, zure herrian
Kafarnaumen gertatu omen diren guziak ! ”
Erran zuen ere :
“ Egiaz diozuet : ez da profetarik bere herrian onartua denik.
Bai, egiaz diozuet : bazen alarguntsa ainitz Izraelen Eliren garaian,
hiru urte et sei hilabetez euria egin gabe egonik,
lurralde osoan gosete handia izan zenean.
Halere, Eli ez zen heietarik nehorenganat igorria izan,
Zidon herrialdean, Zareptako alarguntsa arrotz batenganat baizik.
Eta lepradun ainitz bazen Izraelen Elizeo profetaren garaian,
eta halere, ez zen heietarik nehor garbitua izan,
Naaman Ziriarra baizik.”
Hitz horiek aditzean,
zinagogan denak hasarre gorrian jarri ziren.
Xutitu ziren, Jesus herritik kanpo haizatu zuten,
eta herria eraikia zen mendiko aldaparat ereman,
handik beheiti amiltzeko.
Bainan Jesus, heien artetik iragan
eta bere bidetik joan zen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(P. Andiazabal apeza, « Mezetako deiak », C urtea – sail berria)
Jainkoa amodioa da, gure otoitza entzuten du. Goazen lañoki haren ganat.
1. Ele gogorrak erraiteko eginbidea dutenentzat, eta hek entzun eta konprenitu behar dituztenentzat, egin dezagun otoitz.
2. Beren herria, etxea edo familia utzi behar izan dutenentzat, eta desterratu guzieri besoak zabaltzen dituztenentzat, egin dezagun otoitz.
3. Deseginak edo desegiten ari djren familientzat, egin dezagun otoitz.
4. Maitasuna izan dadin oraiko munduan Elizaren ezagutgarri argiena, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Jauna, zure Izpirituaren indarrak
susta dezala gu baitan nasaiki emaiten daukuzun amodioa.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse