Jondoni Joaniren Apokalipza liburutik 11, 19a ; 12, 1-6a. 10ab.
Jainkoaren Tenplua ideki zen zeruan,
eta haren Elkargo-kutxa agertu zen Tenpluan.
Seinale handi bat agertu zen zeruan :
emazte bat, iguzkiz jantzia,
ilargia oinenpean, eta hamabi izarreko korona buruan.
Haur-beharretan zen, erdimin eta oinazez oihuka.
Beste seinale bat agertu zen zeruan :
herensuge gorri handi bat, zazpi buru eta hamar adar zituena,
eta buruetan korona bana.
Haren buztanak zeruko izarren herena herrestan hartu
eta lurrerat bota zuen.
Herensugea, haur-minetan zagon emaztearen aitzinean gelditu zen,
sortu orduko haurraren irensteko.
Emazteak haurra izan zuen,
herri guziak burdinazko makilaz gobernatuko dituena.
Haurra Jainkoaren tronuraino
eta haren ondoraino eremana izan zen.
Emazteak, aldiz, basamorturat ihes egin zuen :
han leku bat prestatua zion Jainkoak.
Orduan, mintzo ozen bat entzun nuen erraiten :
“ Orai etorri dira gure Jainkoaren salbamendua,
indarra eta erregetza, eta haren Kristoren boterea.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
44. Salmoa
Zoin lorioski zaukun igana
Dena iguzki, Ama Birjina.
Entzun, alaba, eta beha,
Entzun gogotik errailea :
Ahantz zurea zen jendea,
Ahantz aitaren etxaldea.
Eta orduan Erregek so
Zure ederra du nahiko ;
Zure jauna da sekulako :
Ahuspez eror belauniko.
Jende guziak heldu dire,
Gauzak eskainiz eta urre.
Herriko jaunak heldu ere,
Zure begiak nahiz bere.
Guziz ederra erregina :
Zoin dena urre dabilana.
Sartzen da sartzen Jauna gana,
Birjinak lagun zoin apaina.
Sartzen da hura, sartzen oro
Bai kantu, jauzi ; bozkario !
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 15, 20-27a.
Haurrideak,
piztu da Kristo hilen artetik,
heriotzetik piztuko direnetan lehena.
Zeren, heriotzea gizon baten bidez etorri zen bezala,
gizon baten bidez etorri da hilen piztea ere.
Alabainan, Adamen baitan hiltzen dira gizaki guziak ;
Kristoren baitan guziak bizirat itzuliko dira,
Bainan bakotxa bere aldian :
lehenik Kristo ;
gero, Kristorenak, hau berriz etorriko denean.
Gero, azkena izanen da,
Kristok, gaizkiaren nagusigo,
indar eta botere guziak ezeztatu ondoan
Jainko Aitari erregetza itzuliko diolarik.
Kristok errege izan behar baitu,
Jainkoak etsai guziak haren oinen pean ezarri arte.
Azkena ezeztatuko den etsaia, heriotzea izanen da.
Zeren gauza guziak haren oinen pean ezarri ditu Jainkoak.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zeruetako atea zaiku gaur ideki :
Maria zaiku zeruratu, gaur aingeruek egin kantu !
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 39-56.
Egun heietan, Maria bizi-bizia abiatu zen
Judeako mendialdeko herri baterat.
Zakariasen etxean sarturik, Elixabeti agur egin zion.
Elixabetek Mariaren agurra entzun orduko,
haurrak jauzi egin zion sabelean.
Orduan, Izpiritu Sainduaz bete zen Elixabet,
eta oihu handi batean erran zuen:
“ Benedikatua zu emazte guzien artean,
eta benedikatua zure sabeleko fruitua !
Nor naiz ni, nere Jaunaren ama etor dakidan ?
Zure agurra nere beharrietarat heldu orduko,
huna non haurrak bozkarioz jauzi egin dautan sabelean.
Zoriontsua zira, sinetsi baituzu
Jaunaren partez erran zaitzuna beteko dela.”
Orduan, Mariak erran zuen :
“ Goresten du nere arimak Jauna,
eta bozkarioz jauzten zait gogoa
nere Jainko Salbatzailearen baitan.
Bere neskato apalari behatu baitio ;
dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guziek.
Miragarriak egin dauzkit Ahalguzidunak ;
haren izena Saindua.
Haren urrikalmendua badoa mendez mende
haren beldurra dutenenganat.
Bere besoaren indarra erabili du,
buru harroak barreiatu.
Beren alkietarik bota ditu handi-mandiak,
apalak, aldiz, goraltxatu.
Ontasunez bete ditu gose zaudenak,
eta esku hutsik utzi ainitz zutenak.
Laguntza eman dio Izrael bere zerbitzariari,
bere urrikalmenduaz orroiturik.
Gure arbasoeri hala zioten hitzemana,
Abrahami eta haren ondokoeri betiko errana.”
Maria hiru ilabete inguru egon zen Elixabetekin ;
gero, etxerat itzuli zen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B, 2
Mariaren Birjina dohatsuaren zeruratzeak emaiten daukun esperantza bihotzean, egin ditzagun gure galdeak.
1. Girixtinoen Ama den Elizarentzat: neke eta hersturetan gaindi, azkar begira dezan Jaunaren baitako fidantzia, egin dezagun otoitz.
2. Pertsekutatuak diren fededunentzat, desertuan gordetzerat eta ixilik egoiterat behartuak direnentzat, egin dezagun otoitz.
3. Erientzat, beren gorputzean edo bihotzean sofritzen dutenentzat: ukan dezaten Mariak bere baitan zuen bozkarioa, egin dezagun otoitz.
4. Gure hilentzat: Jaunak eman dezoten Erreinuko argiaren betea bere Amarekin batean, egin dezagun otoitz.
5. Hemen bilduak girenentzat: jakin dezagun gure zeruko Amari leku bat egiten gure bizian eta otoitzetan, egin dezagun otoitz.
Jainko gure Aita,
emaguzu esker onez eta fedez betea den bihotza,
Mariarekin batean zure graziaren lekuko izan gaiten.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse