Deuteronoma liburutik 4, 1-2. 6-8.
Moisek erran zion herriari :
“ Orai, Izrael, entzun irakasten dauzkitzutan
lege eta erabakiak, eta bete.
Horrela biziko zirezte, eta Jaunak, zuen arbasoen Jainkoak,
emanen dautzuen lurraldean sartuko zirezte eta haren jabe eginen.
Nik manatzen dautzuetanari ez deusik gainerat eman, ez eta ken,
bainan nik eman bezala bete
Jaunaren, zuen Jainkoaren manamenduak.
Begira, bai, eta bete :
horrek zuhur ta buruargi eginen zaituzte herri guzien aitzinean.
Lege horien berri izaitean, erranen dute :
“ Bai herri zuhur eta buruargia nazione handi hau.”
Alabainan, ba ote da nazione handirik
bere jainkoak hain hurbil dituenik,
guk Jauna, gure Jainkoa, hurbil dugun bezala
dei egiten diogun aldi bakotxean ?
Ba ote da nazione handirik, gaur nik adiarazten dautzuetan
irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ? ”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
14. Salmoa
Nor dauke, Jauna, zure baitan,
Zu zauden mendi saindu hartan ?
Bihotza garbi dabilana,
Zuzen zuzena den gizona.
Egiari bai datxikona,
Bertzez gaizkirik ez diona.
Bertzen kaltetan ez doana,
Auzoen trufan ez dagona,
Tzarrentzat sorik ez duena,
Handi baitauka fededuna.
Hitz eman eta hitzekoa,
Diru xurgatzen ez baitoa.
Jauntzen ez dena, joz gaixoa,
Sekulako xut, holakoa.
Jondoni Jakoberen epixtolatik 1, 17-18. 21-22. 27.
Haurride maiteak,
emaitza on, dohain bete guziak gain hartarik heldu dira,
Aitaganik, aldaketarik eta ilunaldirik ez duen argien Egileaganik.
Berak hala nahiz, bizia eman dauku egiaren hitzaz,
bere kreatura guzien artean lehen deituak izan gaitezen ;
Onar zazue umilki zuen baitan ereina den Jainkoaren hitza,
zuen salbatzeko ahala baitu.
Bete zazue Hitza, eta ez entzun bakarrik, zuen buruak enganatuz.
Jainko Aitaren aitzinean erlisione garbi eta itzalik gabea, hau da :
Umezurtz eta alargunen laguntzea beren nahigabean,
eta bere burua garbi begiratzea munduaren ganik.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia alleluia.
Jainkoak ez dio itxurari behatzen, gizonek bezala,
Bainan gogo-bihotzak xilatzen ditu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 7, 1-8. 14-15. 21-23.
Farisauak eta Jerusalemetik etorri lege-irakasle batzu
Jesusen ondorat bildu ziren.
Ikusi zuten haren dizipuluetarik batzuk apairua egiten zutela
esku kutsatuekin, erran nahi baita garbikuntza egin gabe.
Alabainan, farisauek, Judu guziek bezala, ez dute jaten,
eskuak ongi garbitu gabe, zaharren ohidurari jarraikiz.
Eta plazatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe ;
eta beste gauza ainitzi atxikiak dira ohiduraz,
hala nola katilu, pitxer eta suilen garbiketak.
Orduan, farisauek eta lege-irakasleek Jesusi galdegin zioten :
“ Zergatik zure dizipuluek ez dute zaharren ohidura begiratzen ?
Nolaz jaten dute esku kutsatuekin ?”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Itxurazaleak, zuek !
Ederki erran zuen Izai profetak zuetaz, hau izkiriatu zuenean :
Herri hunek ezpainez ohoratzen nau,
bainan nereganik urrun du bihotza.
Alferrik naute goresten ;
hauen irakaspenak giza manamendu hutsak dira.
Zuek, Jainkoaren manamendua bazterrerat utzi
eta giza ohidurari atxikiak zirezte.”
Jesusek jendeari berriz dei egin eta erran zion :
“ Entzun nezazue denek eta konpreni.
Ez da deus, kanpotik gizakiaren barnerat sartuz,
hura kutsa dezakeenik.
Barnetik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia.”
Jendearenganik urrun, dizipulueri erran zioten :
“ Barnetik ateratzen dira, gizakiaren bihotzetik,
gogoeta tzar, lizunkeria, ohointza, hilketa,
adulterio, dirugose, gaixtakeria, maltzurkeria, likiskeria,
bekaizkeria, laido, urgulu eta zorokeriak.
Tzarkeria horiek guziak barnetik ateratzen dira,
eta horiek dute kutsatzen gizakia.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B, 2
Jainko gure Aitak egin gaitu bere kreaturetan lehen deituak.
Beraz, fidantziaz beterik helaraz ditzogun gure galdeak gizon guzi- en alde.
1. Eliza lehengoen begirale da, oraikoen argitzaile eta geroaren prestatzaile. Jaunak igor diezon bere Izpiritua, egin dezagun otoitz.
2. Aita sainduak eta apezpikuek dute oraiko munduan Ebanjelioaren hedatzeko eginbidea. Ukan dezaten hortakotz indar eta argi, egin dezagun otoitz.
3. Girixtinoen artean zenbait lehengo urratseri sobera lotuak, oraiko egunaren eta geroaren beldurrez. Beste batzuk aldiz lehengoak bota nahi, atzokoak oraikoen eta gerokoen iturriak direlarik. Deneri Jaunak igor dezoten bere Izpiritua elgar konprenitzeko, egin dezagun otoitz.
4. Etorri den eta datorren Jaunaren orroitgarria den Eukariztia hunen gainerat Jaunak igor dezan bere Izpiritua, hor kausi dezagun indar eta argi gure eginbidearen betetzeko, egin dezagun otoitz.
Aita, emaguzu zure Izpiritua:
gure otoitzak eskatzen dautzuna gure urratsek konpli dezaten. Jesu Kristo gure Jaunaren bi tartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse