Premiere lecture

Apostoluen Egintzetarik 2, 1-11.

Mendekoste eguna etorri zenean,
toki berean bildurik zauden dizipulu guziak.
Bat-batean harrabotsa izan zen zerutik, haize azkar baten ufa iduria,
eta heiek zauden etxe guzia bete zuen.
Orduan, suzko mihiak bezalako batzu agertu zitzaizkioten,
eta bakotxaren gainean bana gelditu.
Denak Izpiritu Sainduaz bete ziren,
eta hizkuntza arrotzez mintzatzen hasi,
Izpirituak bakotxari emaiten zion bezala.
Egun heietan Judu jainkozale ainitz bazen Jerusalemen,
zerupean diren herrialde guzietarik etorriak.
Harrabots hura entzutean, jendetza handia bildu zen harat,
eta harriturik zauden,
nork bere hizkuntzan mintzatzen entzuten baitzituen.
Harriturik eta xoraturik, erraiten zuten :
“ Mintzo diren horiek, ez ote dira denak Galilearrak ?
Gutarik bakotxak nolaz entzuten ditu bere ama-hizkuntzan?
Badira gurekin Partiar, Mediar, eta Elamdarrak ;
Mesopotamian, Judean eta Kapadozian,
Itsas Beltzaren hegietan, Azian bizi direnak ere ;
badira Frigia eta Panfiliakoak, Egipto
eta Zirene inguruko Libia aldekoak, bai eta Erromatarrak ere ;
eta denek , Judu eta judu-berri, Kretar eta Arabiar,
gure hizkuntzetan aditzen ditugu Jainkoaren miragarriak aipatzen.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

103. Salmoa
Jainkoa, zure Izpiritua igor guri,
mundu guzia dadin berri !

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari :
Handi zare zu handi, Jainkoa, izigarri !
Zein diren nasai zure egintzak, Jainko Jauna,
Zuk egin hoitaz lurra betea dago dena.

Begitartea zuk gordetzean, denen lotsa,
Zuk hatsa kenduz, heien gorputza zer errautsa !
Berpizten dira zuk igortzean zure hatsa,
Eta betbetan berritua da mundu hitsa.

Jainko Jaunari betiereko laudorio,
Moldatu hoitan duela beti bozkario.
Nik diotana izan bekio laketgarri:
Jainkoa baitan duket nik beti boz-iturri.


Télécharger la partition Télécharger la lecture

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Galatiarreri 5, 16-25.

Haurrideak,
hau diozuet : ibil zaitezte Jainkoaren Izpirituak gidaturik,
eta ez zirezte giza-haragiaren gutizieri jarraikiko.
Haragiaren gutiziak Izpirituaren kontrakoak dira,
eta izpirituarenak aldiz, haragiaren kontrakoak.
Alabainan, bi indar horiek elkarren kontrakoak dira ;
horrengatik ez duzue nahi zinuketena egiten.
Bainan Izpirituak gidatzen bazaituzte,
ez zaudezte legearen menpean.
Haragiaren egintzak ezagunak dira :
lizunkeria, lohikeria, likiskeria,
idolatria, sorginkeria, herra, eztabadak,
bekaizgo, hasarre, aharra, tirabira, alderdikeria,
bekaizkeria, mozkorkeria, sabelkeria, eta holakoak.
Eta lehen erran nautzuena diozuet berriz ere:
horrela dabiltzanek
ez dute Jainkoaren erreinua ondoretasunez ukanen.
Izpirituaren fruitua, berriz, hau da : maitasuna, bozkarioa, bakea,
pazientzia, bihotz ona, onginahia, leialtasuna,
eztitasuna, bere buruaren jabe izaitea.
Holakoen aitzinean ez da legerik.
Kristo Jesusenak direnek beren baitan gurutzefikatua dute haragia
bere jaidura eta gutiziekin.
Bizia Izpirituak emaiten daukunaz geroz,
ibil gaitezela Izpirituaren arabera.

Gero kanta dezakegu :

Veni Sancte Spiritus (K 1)

Zato, Izpiritua
eta guri zerutik
igor zure argia.

Zato beharren aita,
zato dohain emaile
zato bihotz argia.

Minen eztitzailea,
arimen baitan zauden
arintzaile gozoa.

Lan aldietan pausu,
kar aldietan bake,
nigar minetan gozo.

Oi argi dohatsua,
bete bihotz barnea
fededun guzieri.

Zure laguntza gabe
ez da deus gizonean
deus hobengabe denik.

Garbi lohitsu dena,
ihinzta idor dena,
senda zaurturik dena.

Hunki gogor dagona,
susta hotzik dagona,
xuxen makur doana.

Eman fededuneri,
dena zuri baitaude,
zazpi dohain sainduak.

Eman merezimendu,
eman hiltze saindua,
eman zeruratzea.
Amen. Alleluia !

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia
Etor, Jaunaren Izpiritua, etor zaite !
Zutan sineste duten bihotzak, otoi, bete !
Eta pitzazu heien baitan Amodiozko zure sua !

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 15, 26-27 ; 16, 12-15.

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Etorriko denean Laguntzailea,
nik Aitaren ondotik igorriko dautzuetana,
Aitaganik den egiaren Izpiritua,
Harek lekukotasun emanen du nere alde.
Eta zuek ere lekukotasun emanen dautazue,
hastetik nerekin baitzirezte.
Banuke oraino ainitz gauza erraiteko,
bainan ez duzue jasaiten ahal orai.
Etorriko denean egiaren Izpiritua,
egia osorat gidatuko zaituzte.
Alabainan, ez da bere burutarik mintzatuko,
entzunen duen guzia erranen du,
eta gertatu beharra iragarriko dautzue.
Nere Jainko-aintza agertuko du,
jakinaraziko dautzuena nereganik hartuko baitu ;
Aitak duen guzia nerea da ;
horrengatik erran dautzuet
nereganik hartuko duena jakinaraziko dautzuela.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

Andiazabal, Mezetako deiak, B, 2 , 1988

Guk ez dakigu zer eta nola galda, bainan Izpirituak berak egiten du otoitz gure baitan.
Presta diezazkiogun beraz Izpirituari gure gogo-bihotzak, munduaren alde otoitz egiteko.

1. Nahigabe eta hersturetan direnekin, Izpirituak eman diezoten esperantzan bizitzea, egin dezagun otoitz.

Errepika : Izpiritua gure gainerat igor, Jauna.

2.  Libertate eta zuzentasun-gose direnekin, Izpirituak bakerat ereman ditzan herrialde guziak, egin dezagun otoitz.

3. Mundu zuzenago eta goxoago bat eraiki nahiz dabiltzanekin, Izpirituak irakats diezagun elgar maitatzen, egin dezagun otoitz.

4. Gure girixtino haurride guziekin, Izpirituak erakuts diezagun noradino bat egiten gaituen, egin dezagun otoitz.

Jainko guzien Aita, igor-aguzu zure Semearen Izpiritua : lagunt gaitzala eskatu dugunaren arabera bizitzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

Propositions à adapter par chaque paroissse