Zamuelen bigarren liburutik 7, 1-5. 8-12. 14. 16.
Dabid erregea bere etxean bizi zen, Jerusalemen.
Jaunak inguruko etsai guziekilako bakea emana zion.
Erregeak orduan erran zion Natan profetari:
“ Beha: ni zedrozko etxean bizi naiz,
eta Jainkoaren kutxa oihal-etxolan dago.”
Natanek ihardetsi zion erregeari :
“ Zoaz eta egizu gogoan duzuna, Jauna zurekin baita.”
Bainan gau hartan berean Jaunaren hitza etorri zitzaion Natani :
“ Zoaz eta errozu Dabid nere zerbitzariari :
Hau dio Jaunak:
Zuk eraiki behar ote dautazu etxea, nere bizileku izan dadin ?
Nik atera zintudan zure larreetarik, artaldeen gibeletik,
nere herri Izraelen buruzagi izan zintezen.
Zurekin izan nauzu ibili ziren alde guzietan,
nik suntsitu dauzkitzut aitzinean jarri zaizkitzun etsai guziak.
Nik emanen dautzut lurreko handikiena bezalako izen handia.
Leku bat emanen diot nere herri Izraeli,
han landatuko dut, han biziko da,
eta ez du gehiago hersturarik izanen,
eta gaizkiegileek ez dute apalduko, lehen bezala,
Jujeak nere herriaren gidari ezarri nituenean bezala.
Bakea emanen dautzut etsai guzietarik.
Jaunak jakinarazten dautzu, berak eginen dautzula etxe bat.
Zure egunak bete eta zure arbasoekin atseden hartuko duzunean,
ondoko bat emanen dautzut zure ondorean, zureganik sortua,
eta sendotuko dut haren erregetza.
Harek aita izanen nau ni, eta seme izanen dut nik hura.
Zure etxeak eta zure erregetzak iraunen dute beti nere aitzinean,
eta zure errege-alkia sendo izanen da betikotz.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
88. Salmoa
Zure betiko bihotz ona,
dut aipatuko beti, Jauna.
Zin egin duzu : Dabidekin naiz bat egina
Hura da hura nik hautatua den gizona.
Sekulako naiz zure semeen Jainko Jauna ;
Zure alkia menderen mende dirauena.
Deituko nau ni: Zu, nere Aita, nere Jauna,
Nere harroka, beti nere zain bazaudena !
Izanen da bai hortakotz premu nik egina,
Eta lurreko jaun erregetan handiena.
Harentzat dutan amodioa betikoa,
Harekilako batasun hura berme doa.
Izanen duen ondorengoa betikoa,
Haren alkia iguzkiaren parekoa.
Jondoni Paulok Erromanoeri 16, 25-27.
Aintza Jainkoari !
Harek fedean azkartzen ahal zaituzte,
Jesu Kristo iragarriz, predikatu dutan Ebanjelioaren arabera.
Horra orai agertua den mixterioa :
Betidanik gordea egona zen,
bainan orai agerian emana da.
Betiereko Jainkoaren erabakiaren arabera,
eta profeten idazkieri esker, herri guzieri adiarazia zaiote,
sinestera erakarriak izan daitezen.
Zuhur bakarra den Jainkoari aintza
Jesu Kristoren bitartez, gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Huna Jaunaren neskatoa,
Bai, egin bekit zure hitzaren arabera.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 1, 26-38.
Jainkoak Gabriel aingerua
Nazaret deitu Galileako herri baterat igorri zuen
birjina batenganat ;
hau ezkontzaz hitzemana zen
Dabiden etxetikako Josep deitu gizon bati ;
eta birjinaren izena Maria.
Aingeruak Mariaren etxean sartu eta erran zion :
“ Agur , graziaz betea, Jauna da zurekin.”
Hitz horiek entzutean, ikaratu zen Maria,
eta bere baitan ari zen zer zitaken agur hori.
Aingeruak erran zion :
“ Ez beldur izan, Maria! Jainkoak gogoko zaitu.
Hara : sabelean sortu eta semea izanen duzu,
eta Jesus emanen diozu izena.
Handia izanen da, Goi-goikoaren Seme deituko dute ;
Jainko Jaunak bere aita Dabiden errege-alkia emanen dio ;
Jakoben etxearen errege izanen da betiko,
eta haren erregetzak ez du azkenik izanen.”
Mariak erran zion aingeruari:
“ Nola gerta daiteke hori, birjina naizenaz geroz ?”
Aingeruak ihardetsi zion:
“ Izpiritu Saindua jautsiko da zureganat,
eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu ;
horrengatik, zureganik sortuko dena saindu izanen da,
eta Jainkoaren Seme deituko dute.
Eta huna non Elixabet zure ahaidea ere
seme baten beharretan den bere xaharrean,
eta agorra omen zena seigarren hilabetean da ;
ezin eginik ez baita Jainkoarentzat.”
Orduan Mariak erran zuen:
“ Huna Jaunaren neskatoa.
Gerta bekit zuk erran bezala.”
Eta aingeruak utzi zuen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, « Mezetako deiak », B urtea, 1
Dohatsu Jainkoaren agintzak beteko direla sinesten dutenak,
eta horren galdez Jaunari oihuka ari direnak!
1. Benedikatua zu, zure Eliza bisitatzen duzuna eta haren baitan zaudena:
egizu izan dadin guzientzat egiazko seinale, gizonen artean zaudela!
2. Benedikatua zu, Izpiritua emaiten baitaukuzu, zure bila ibiltzeko:
egizu ohart gaiten hor zaudela ere oraiko munduaren baitan!
3. Benedikatua zu zuzentasun eta bake-egileak sustatzen baititutzu:
egizu beti lehia diten zure bideen prestatzerat!
4. Benedikatua zu, zuri esker baigira gure ondoen bizi direnen haurride:
egizu gizon guziak amodio hortan bizi diten!
Zato Jesus Jauna, zorion-agintzaren betetzerat:
haren beha gaude eta haren mezulari nahi dugu izan.
Errege baitzira gizaldi eta gizaldietan.
Propositions à adapter par chaque paroissse