Premiere lecture

Erran Zaharrak liburutik 31, 10-13. 19-20. 30-31.

Nork aurki etxekoandre ona ?
Perlek baino askoz gehiago balio du.
Konfiantza osoa du senarrak haren baitan :
ez da harekin galduan aterako.
Biziko egun guzietan zoriona ekartzen dio, ez zorigaitza.
Artilea eta lihoa biltzen ditu,
gogotsu lan egiten dute haren eskuek.
Iruten lotzen da haren eskua, kilua harturik.
Dohakabeari eskua zabaltzen dio, eta behartsuari laguntza emaiten.
Gezurrezkoa da xarma, hutsa edertasuna ;
goresgarria, aldiz, Jaunaren beldurra duen emaztea.
Emazkiozue eskerrak bere lanarengatik :
herri guziaren aitzinean goretsiko dira haren egintzak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

127. Salmoa
Bai dohatsuak Jaunaren beldur dabiltzanak !

Dohatsu bai zu, Jaunaren beldur bazaudena,
haren bidetan zabiltzana.
Zure eskuen lanetik duzu jan-edana,
eskutan duzu zoriona.

Zure andrea mahats ondo bat bezain jori,
etxe xokoa bozten ari.
Zure semeak oliba ondo gotor batzu,
mahainean so dagozkitzu.

Hara nolako zorionean dabilana
Jaunaren beldur den gizona.
Jainkoa lagun, bizi zareno izan urus,
zure semeak azkar ikus.

Deuxieme lecture

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1a : 5, 1-6.

Haurrideak, Jaunaren etortzea
noiz eta nola izanen den, ez duzue nik izkiriatze beharrik.
Zihaurek arras ongi badakizue
Jaunaren eguna ohoina gauaz bezala etorriko dela.
Jendea erraiten ariko denean : “ Hau bakea eta segurtasuna ! ”,
orduan eroriko zaiote gainerat suntsitzea, ustegabean,
haur-beharretan denari erdiminak bezala
eta ez dute ihes egiterik izanen.
Zuek, ordea, haurrideak, ez zirezte ilunbetan bizi,
egun horrek ohoinak bezala harrapatzeko.
Alabainan, guziak argiaren semeak zirezte, egunaren semeak ;
ez gira gauarenak eta ilunbearenak.
Beraz, ez dezagun lo egin, besteek bezala,
bainan gauden erne, eta neurritsu.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia.
Huna berehala heldu dela Jauna.
Berekin dauka saria, bakotxari bere lanaren arabera emaiteko.

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25, 14-30.

Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,
eta parabola hau erran zioten :
“ Gizon batek, urrunerat joaiterakoan,
bere mutilak deitu zituen, eta heien gain utzi bere ontasunak.
Bati bost talendu eman ziozkan, beste bati biga,
beste bati bat bakarra,bakotxari bere ahalaren arabera.
Eta gero joan zen.
Bost talendu ukan zituena heiekin lanean hasi zen berehala,
eta beste bost irabazi zituen.
Halaber biga ukan zituenak beste biga irabazi zituen.
Bat bakarrik ukan zuenak, aldiz,
lurrean zilo bat egin zuen eta han gorde bere nagusiaren dirua.
Denbora luzearen buruan, etorri zen mutil horien nagusia,
eta konduak xuritu zituen heiekin.
Hurbildu zen bost talendu ukan zituena,
eta beste bost ekarri ziozkan, erranez :
‘ Nagusia, bost talendu utzi zinauzkidan ;
beha: beste bost irabazi ditut.’
Nagusiak erran zion :
‘ Ederki mutil zintzo eta leiala!
Gauza gutian zintzo izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut ;
sar zaite zure nagusiaren bozkarioan.’
Hurbildu zen bi talendu ukan zituena, eta erran zuen :
‘ Nagusia, bi talendu utzi zinauzkidan ;
beha : beste biga irabazi ditut.’
Nagusiak erran zion :
‘ Ederki, mutil zintzo eta leiala!
gauza gutian zintzo izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut ;
sar zaite zure nagusiaren bozkarioan.’
Gero hurbildu zen talendu bat ukan zuena, eta erran zuen :
‘ Nagusia, banakien gizon idorra zirela ;
erein ez duzun tokian uzta egiten duzu,
eta bihirik zabaldu ez duzun tokian biltzen.
Beldurrez joan nintzen, eta lurpean gorde nuen zure talendua.
Hor duzu zurea ! ’
Nagusiak ihardetsi zion :
‘ Mutil gaixto eta alferra !
Bahakien erein ez dutan tokian uzta egiten dutala,
eta hazirik zabaldu ez dutan tokian biltzen.
Beraz, bankuan ezarri behar huen nere dirua,
eta nik itzultzean, neurea altxatuko nikan bere intresarekin.
Kenozue, bada, talendua eta eman hamar dituenari.
Duenari emanen baitzaio, eta gaindika izanen du.
Ez duenari, ordea, duen hura ere kenduko zaio.
Eta deusetako ez den mutil hori
bota zazue kanpoko ilunbeetarat.
Han izanen da nigar eta hortz-karraska ! ’ ”

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 25, 14-15. 19-21.

Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri,
eta parabola hau erran zioten :
“ Gizon batek, urrunerat joaiterakoan,
bere mutilak deitu zituen, eta heien gain utzi bere ontasunak.
Bati bost talendu eman ziozkan, beste bati biga,
beste bati bat bakarra,bakotxari bere ahalaren arabera.
Eta gero joan zen.
Denbora luzearen buruan, etorri zen mutil horien nagusia,
eta konduak xuritu zituen heiekin.
Hurbildu zen bost talendu ukan zituena,
eta beste bost ekarri ziozkan, erranez :
‘ Nagusia, bost talendu utzi zinauzkidan ;
beha : beste bost irabazi ditut.’
Nagusiak erran zion :
‘ Ederki mutil zintzo eta leiala!
Gauza gutian zintzo izan zira, ainitzen buru ezarriko zaitut ;
sar zaite zure nagusiaren bozkarioan.’

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Propositions de priere universelle

Propositions à adapter par chaque paroissse