Zamuelen lehen liburutik 16, 1. 6-7. 10-13.
Egun heietan, Jaunak erran zion Zamueli :
Zaul baztertu dut, Izraelen errege izan ez dadin.
Bete zazu adarra olioz, eta zoazi,
Betleemeko Jezeren ganat igortzen zaitut,
haren semeen artean begiztatu baitut errege eginen dutana.”
Harat heldu zelarik, Eliab, Jezeren semeetarik bat ikusi-eta,
Zamuelek egin zuen bere baitan :
“ Dudarik gabe, hau da Jaunak gantzutu nahi duena.”
Bainan Jaunak erran zion Zamueli :
“ Ez beha horren itxurari, ez eta luzeari, bazterrerat utzia baitut.
Jainkoaren begia ez da gizonaren begia ;
gizonak itxurari dio behatzen, Jainkoak aldiz bihotzari.”
Jezek bere zazpi semeak ekarri ziozkan Zamueli,
bainan Zamuelek erran zion :
“ Jaunak ez du horietarik nehor hautatu.
Ez ote duzu beste semerik ? ”
Jezek ihardetsi : “ Bai, gazteena, ardi zain dabil.”
Orduan Zamuelek erran zion Jezeri :
“Igor-azu haren bila : ez gira mahainean jarriko hura jin arte.”
Jezek beraz ekar-arazi zuen.
Ile gorria zen, begi ederra, ikustekoa mutila.
Eta Jaunak erran zion Zamueli :
“ Xuti zaite eta gantzu zazu, hori da ! ”
Zamuelek hartu zuen olio-adarra,
eta gantzutu zuen bere anaien erdian.
Egun hartarik aitzina, Jaunaren Izpirituak hartu zuen Dabid.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
22. Salmoa
Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Jauna dut artzain : ez naiz egonen beharrean,
Zer gainetarat nerabilan.
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan, pitz hor arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa :
Haren izena zoin gozoa.
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake, badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri.
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau ta egun.
Banago-eta Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 5 ,8-14.
Haurrideak,
lehen ilunbe zinezten, orai aldiz argi Jaunaren baitan.
Ibil zaitezte argiaren seme bezala,
argiaren fruitua baitago on, zuzen eta egia diren guzietan.
Ikus zer zaion atsegin Jaunari.
Ez ibil ilunbeetako egintza alferretan, bainan sala-zkitzue.
Jende horiek gordeka egiten dutena
aipatzeko ere ahalgetu behar da.
Bainan argiak salatzen duen guzia, agerian gelditzen da ;
Eta agerian gelditzen dena argi bilakatzen.
Hargatik erraiten da :
Atzar zaite, lo zaudena, jeiki hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Zu munduaren argia zira, Jesu Kristo !
Jarraikitzen zaitzunak ukanen du biziaren argia !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 9, 1-41.
Tenplutik ateratu-eta,
bidean zoalarik, Jesusek ikusi zuen gizon bat sortzetik itsua.
Bere dizipuluek galdegin zioten :
“ Rabbi, nork egin du bekatu, hau itsu sortzeko,
hunek, ala hunen aita-amek ? ”
Jesusek ihardetsi : “ Ez berak, ez eta aita-amek.
Bainan Jainkoaren egintzak behar zuen hunen baitan agertu.
Ni igorri nauenaren egintzak bete behar ditugu, argi deno ;
heldu da gaua, nehork ez baitezake lanik egin orduan.
Munduan naizeno, munduaren argia naiz.”
Horiek erran eta, tu egin zuen lurrerat,
tuaz lohia egin, eta itsuaren begiak lohiaz torratu.
Gero erran zion : “ Zoazi garbitzera Ziloeko ur-askarat.”
(Ziloek “igorria” erran nahi du).
Joan zen beraz itsua, garbitu eta itzuli, ikusten zuela.
Beraz, auzoek, eta lehenago ikusten ohi zutenek,
eskalea baitzen, erraiten zuten :
“ Ez ote da hori jarririk eske egoiten zena ? ”
Batzuek zioten : “Bai, hura da.”
Besteek aldiz : “ Ez, haren iduriko norbait da.”
Harek ordea, zion : “ Bai, ni naiz.”
Erran zioten beraz : “ Nola ideki zaizkik begiak ? ”
Harek ihardetsi :
“ Jesus deitu gizonak lohia egin du, begiak hartaz torratu dauzkit,
eta erran daut : zoazi Ziloerat eta garbi zaite.
Joan naiz, garbitu eta ikusten hasi.”
Heiek erran zioten : “ Non duk hura ? ”
Harek ihardetsi : “ Ez dakit.”
Baderamate Farisauetarat itsu izana.
Bada, larunbata zen Jesusek lohia egin
eta begiak ideki ziozkan eguna.
Orduan, Farisauek ere galdegin zioten nola hasi zen ikusten.
Harek erran zioten :
“ Lohia ezarri daut begietan, garbitu naiz eta ikusten dut.”
Farisauetarik batzuek zioten :
“ Gizon hori ez dator Jainkoaren ganik,
ez baitu larunbateko atseden-eguna begiratzen.”
Beste batzuek, berriz, zioten :
“ Nola egin ditzazke gizon bekatore batek holako ezaugarriak ? ”
Eta ez ziren bat elkarren artean.
Berriz ere erran zioten itsuari :
“ Hik, zer diok hartaz, begiak ideki baitauzkik ? ”
Harek errepostu : “ Profeta dela.”
Bainan Juduek ez zuten sinetsi nahi
gizon hura itsu izan eta ikusten hasi zela.
Beraz haren aitamak deitu, eta galdegin zioten :
“ Hau ote da zuen semea, itsu sortu zela diozuena ?
Nolaz du, bada, orai ikusten ? ”
Aitamek ihardetsi zioten :
“ Badakigu hau gure semea dela eta itsu sortu zela.
Bainan orai nola ikusten duen, guk ez dakigu;
eta begiak nork ideki diozkan, guk ez dakigu.
Galdegiozue berari, adina badu bere berri emaiteko.”
Aitamek hola ihardetsi zuten Juduen beldur zirelakotz.
Juduak alabainan hitzartuak ziren odukotz,
zinagogatik kanpo ezarria izanen zela
Jesus Mesias zela aitortzen zuena.
Horra zergatik aitamek erran zuten :
adina badu, galdegiozue berari.
Farisauek itsu izana bigarren aldikotz deitu eta erran zioten :
“ Emak goresmen Jainkoari !
Guk bazakiagu gizon hori bekataria dela.”
Harek ihardetsi : “ Bekataria den ala ez, nik ez dakit.
Dakitana da, itsu nintzela eta orai ikusten dutala.”
Heiek erran zioten orduan :
“ Zer egin dauk ? Nola ideki dauzkik begiak ? ”
Gizonak ihardetsi zioten :
“ Jadanik errana dautzuet, eta ez nauzue entzun.
Zergatik nahi duzue berriz ere aditu ?
Ala zuek ere haren dizipulu izan nahi duzue ? ”
Heiek laidoz estali eta erran zioten :
“ Hi haiz haren dizipulu ;
gu aldiz, Moisen dizipulu gaituk.
Guk, bazakiagu Moisi mintzatu zaiola Jainkoa ;
bainan hori nondikakoa den ez zakiagu.”
Gizonak ihardetsi zioten :
“ Hori da bai harrigarria !
Zuek ez jakin nondikakoa den, eta horrek neri begiak ideki !
Badakigu Jainkoak ez dituela bekatariak entzuten,
bainan jainkotiarra dena eta haren nahia egiten duena
hura entzuten duela.
Sekulan ez da aditu
norbaitek itsu sortu bati begiak ideki dizkiola.
Gizon hori ez balitz Jainkoaren ganikakoa, ez lezake deus egin.”
Heiek ihardetsi zioten :
“ Sortzetik dena bekatu izanki eta hik gu eskolatu behar ? ”
Eta kanpora bota zuten.
Jesusek jakin zuen kanpo ezarri zutela,
eta harekin buruz buru eginik erran zion :
“ Sinesten duzu gizonaren Semea baitan ? ”
Harek ihardetsi :
“ Eta nor da, Jauna, haren baitan sinets dezadan ? ”
Jesusek erran zion : “ Ikusten duzu; mintzo zaitzuna bera da.”
Harek orduan : “ Sinesten dut, Jauna !”
eta aitzinean ahuspez eman zitzaion.
Jesusek erran zuen orduan :
“ Jujamendu baterako etorri naiz ni mundu huntara :
Ikusten ez dutenek ikus dezaten,
eta ikusten dutenak itsu bilaka ditezen.”
Jesusekin zauden farisau batzuek, hori entzunik, erran zioten :
“ Gu ere itsuak ote gira ? ”
Jesusek ihardetsi :
“ Itsu bazinezte, ez zinukete bekaturik.
Baina ikusten duzuela baitiozue,
zuen bekatuak irauten du.”
EDO BERTSIO LABURRA :
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 9, 1. 6-9. 13-17. 34-38.
Tenplutik ateratu-eta,
bidean zoalarik, Jesusek ikusi zuen gizon bat sortzetik itsua.
Horiek erran eta, tu egin zuen lurrerat,
tuaz lohia egin, eta itsuaren begiak lohiaz torratu.
Gero erran zion : “ Zoazi garbitzera Ziloeko ur-askarat.”
(Ziloek “igorria” erran nahi du).
Joan zen beraz itsua, garbitu eta itzuli, ikusten zuela.
Beraz, auzoek, eta lehenago ikusten ohi zutenek,
eskalea baitzen, erraiten zuten :
“ Ez ote da hori jarririk eske egoiten zena ? ”
Batzuek zioten : “Bai, hura da.”
Besteek aldiz : “ Ez, haren iduriko norbait da.”
Harek ordea, zion : “ Bai, ni naiz.”
Baderamate Farisauetarat itsu izana.
Bada, larunbata zen Jesusek lohia egin
eta begiak ideki ziozkan eguna.
Orduan, Farisauek ere galdegin zioten nola hasi zen ikusten.
Harek erran zioten :
“ Lohia ezarri daut begietan, garbitu naiz eta ikusten dut.”
Farisauetarik batzuek zioten :
“ Gizon hori ez dator Jainkoaren ganik,
ez baitu larunbateko atseden-eguna begiratzen.”
Beste batzuek, berriz, zioten :
“ Nola egin ditzazke gizon bekatore batek holako ezaugarriak ? ”
Eta ez ziren bat elkarren artean.
Berriz ere erran zioten itsuari :
“ Hik, zer diok hartaz, begiak ideki baitauzkik ? ”
Harek errepostu : “ Profeta dela.”
Heiek ihardetsi zioten :
“ Sortzetik dena bekatu izanki eta hik gu eskolatu behar ? ”
Eta kanpora bota zuten.
Jesusek jakin zuen kanpo ezarri zutela,
eta harekin buruz buru eginik erran zion :
“ Sinesten duzu gizonaren Semea baitan ? ”
Harek ihardetsi :
“ Eta nor da, Jauna, haren baitan sinets dezadan ? ”
Jesusek erran zion : “ Ikusten duzu; mintzo zaitzuna bera da.”
Harek orduan : “ Sinesten dut, Jauna !”
eta aitzinean ahuspez eman zitzaion.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse