Izai profetaren liburutik 22, 19-23.
Hau dio Jaunak Xebna errege-jauregiko buruzagiari :
“ Kenduko zaitut zure kargutik, zauden lekutik botako.
Eta egun hartan nere zerbitzaria deituko dut
Eliakim, Hilkiazen semea.
Zure soinekoa eta zure gerrikoa jantziko diozkat,
eta zure nagusigoa emanen diot.
Aita izanen da Jerusalemeko bizilagunentzat,
eta Judako herriarentzat.
Lepoan ezarriko diot Dabiden etxeko giltza :
harek idekia ez du nehork hetsiko,
harek hetsia ez du nehork idekiko.
Itzea zur gogorrean bezain sendo ezarriko dut,
bere aitaren etxearentzat errege-alki ospetsuaren pare izanen da.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
137. Salmoa
Zuhauk egina ez utz, Jauna,
baituzu beti bihotz ona.
Eskerrak zuri, eskerrak, Jauna, bihotz osoz,
Otoizka entzun nauzulakotz.
Aingeruak so, zaitut zu kantuz aipatuko,
Tenplo alderat belauniko.
Eskerrak zuri, on baitzare on eta zuzen :
Zuk hitza funski atxikitzen.
Nik zuri oihu egin orduko, zuk ni entzun ;
Zer indar gaitzaz bete nauzun.
Zoin gora Jauna : maitatzen ditu apalduak,
Urrundik uzten hanpatuak.
Zuk duzu, Jauna betiereko bihotz ona,
Sekulan ez utz hasi lana.
Jondoni Paulok Erromanoeri 11, 33-36.
Haurrideak,
zein barna Jainkoaren aberastasuna, zuhurtzia eta jakitatea !
Bai, ezin ikertuak haren erabakiak, ezin adituak haren bideak !
Nork ote daki Jaunaren gogoaren berri ?
Nor izan da haren kontseilari ?
Nork eman dio hari lehenik,
gero harenganik ordaina ukaiteko ?
Harenganik, haren bidez eta harentzat dira guziak.
Hari aintza betiere ! Amen.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Petriren fedearen gainean Jaunak jarri du bere Eliza,
eta herioaren indarrak ez zaizkio nausituren.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 16, 13-20.
Jesus Filiperen Zezareako eskualderat etorri zen,
eta bere dizipulueri galdegin zioten :
“ Gizonaren Semea nor dela dio jendeak? ”
Heiek ihardetsi :
“ Batzuek Joanes Bataiatzailea dela; beste batzuek Eli,
beste batzuek Jeremi, edo profetetarik bat.”
Jesusek berriz :
“ Eta zuek, nor naizela diozue ? ”
Zimun Petrik ihardetsi zuen, erranez :
“ Zu Mesias zira, Jainko biziaren Semea.”
Orduan, Jesusek erran zion :
“ Dohatsu zira, Zimun, Jonaren semea,
hori ez baitauzu ez haragiak ez odolak agertu,
bainan bai zeruko nere Aitak.
Eta nik erraiten dautzut : zu zira Petri (Harri),
eta harri horren gainean eraikiko dut nere Eliza,
eta herioaren indarrak ez zaizkio nagusituko.
Zeruetako Erreinuko gakoak emanen dauzkitzut :
lur huntan lotuko duzuna,
zeruan ere lotua izanen da,
eta lur huntan libratuko duzuna,
zeruan ere libratua izanen da.”
Orduan dizipulueri manatu zioten
nehori ez erraiteko Mesias zela.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse