Izai profetaren liburutik 35, 1-6. 10.
Alegera ditela basamortua eta lur idorra !
Bozkaria dadila eta lorezta eremua,
landetako lorez jantzi
eta egin dezala bozkarioz irrintzin eta jauzi.
Libango ospea emana zaio, Karmel eta Zaroneko ederra ;
Ikusiko da Jaunaren ospea, gure Jainkoaren distira.
Eman indar esku ahuldueri,
azkar erortzera doatzin belaunak.
Errozute bihotz beldurtueri :
Gora bihotzak ! Ez izan beldurrik !
Hara zuen Jainkoa : mendekioa heldu da, Jainkoaren ordaina.
Bera heldu da, eta salbatuko zaituzte.
Orduan idekiko dira itsuen begiak
eta elkorren beharriak zabalduko.
Orduan mainguak basahuntzak bezala jauzi eginen du,
eta mutuaren mihiak pozez oihu.
Jaunak libratuak itzuliko dira bide hortan gaindi.
Zionerat etorriko dira bozkariozko irrintzinaka ;
betiko zorionak beteko ditu heien aurpegiak ;
alegrantzia eta poza izanen dituzte lagun.
Auhen eta nigarrek ihes eginen dute.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
145. Salmoa
Salba gaitzazu, zato, Jauna !
Jaunak betiko baitu zaintzen,
Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio : jeiki !
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite.
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere,
Gure Jauna Jaun mendez mende
Jondoni Jakoben epixtolatik 5,7-10.
Haurrideak,
izan zazue pazientzia, Jauna etorri arte.
Beha laboriari :
lurraren fruitu ederraren zain egoiten da,
eta pazientziaz igurikatzen ditu goiz-euria eta berant-euria.
Izan pazientzia zuek ere, eta egon sendo,
Jaunaren etortzea hurbil baita.
Haurrideak, ez ar murmurikan bata bestearen kontra,
ez zaitezten kondenatuak izan.
Beha : Jujea ate ondoan dago.
Haurrideak, har neke eta pazientziaren etsenplutzat
Jaunaren izenean mintzatu diren profetak
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Jaungoikoaren profeta, Joanes, etorri da
Jaunari bidearen apaintzeko,
Argiaren lekuko izaiteko.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 11, 2-11.
Joanes Bataiatzaileak, presondegian Kristoren egintzen berri jakinik,
bere dizipulu batzu igorri ziozkan galdatzera :
“ Zu ote zira etortzekoa den hura,
ala beste baten beha egon behar dugu ?”
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Zoazte Joanesi erraitera zer entzuten eta ikusten duzuen :
Itsuek ikusten dute eta mainguak badabiltza,
lepradunak garbi gelditzen dira
eta elkorrek entzuten dute,
hilak pizten dira,
eta Berri Ona behartsueri adiarazia zaiote.
Dohatsu nere baitan erorbiderik ez duena.”
Heiek bazoatzilarik, Jesus jendeari Joanesez erraiten hasi zitzaion :
“ Zer ikusi beharrez joan zirezte basamorturat ?
Haizeak higika derabilan kanabera ?
Zer ikusi beharrez joan zirezte, bada ?
Soineko apainez jantzia den gizon bat ?
Bainan hola janzten direnak erregeen jauregietan egoiten dira.
Zer ikusi beharrez joan zirezte , bada ? Profeta bat ?
Bai, nik diozuet, profeta baino gehiago den bat.
Hartaz da izkiriatua Liburu Sainduan :
Horra, nere mezularia zure aitzinean igortzen dut
zuri bidea prestatzera.
Egiaz egiaz diozuet : emazteen ganik sortu semeen artean
ez da Joanes Bataiatzailea baino handiagorik.
Halere, zeruetako Erreinuko ttipiena ere
hura baino handiagoa da.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Pierre Andiazabal apeza, Mezetako deiak A urtea – sail berria)
Jaunaren graziak badu aski indar desertuaren lorarazteko gizonen bihotzetan, itsuen begien eta elkorren beharrien idekitzeko. Federekin erran diezogun : Etor bedi zure Erreinua! (Kantikak E3)
1. Zure bozkarioaren loreak sor diten oraiko Elizaren baitan, beldurrean edo etsimendutan dauden girixtino multxoetan,
Etor bedi zure Erreinua
2. Esperantzaren loreak sor diten biziak zauritu bihotzetan, doluan diren familietan, beren ohorea galdua dutenetan,
Etor bedi zure Erreinua!
3. Bakearen loreak sor diten gerlak xahutzen dituen eskualdetan, anaien arteko herrak edo etsaien legeak leherturik dauzkatenetan,
Etor bedi zure Erreinua
4. Maitasunaren loreak sor diten bihotz gogortuetan, barkamenduari eta partekatzeari hetsirik daudenetan,
Etor bedi zure Erreinua!
Entzun gaitzazu, Aita guziz ona:
Orduan kridatzen ahalko diogu munduari zure mezua:
Itsuek ikusten dute, mainguak badabiltza, hilak pizten dira, eta Berri ona behartsueri adiarazia zaiote.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du