Historio puska bat
Orai ezagutzen dugun liturgia berri hunek erroak urrun eta barna dauzka.
Lehen parte batean, hegaldaka labur bat eginen dugu ikusteko kantuak zer leku ukan duen gure elizetan aintzinagoko mendeetan, kontzilioa hasi arte, eta geroztik zeri buruz doan.
Bigarren parte batean, aipatuko ditugu gure koralek egiten duten lana Euskal Herriko elizetan. Aipamen bat merezi dute zeren, helduden urtean, 2009an. berrogoi urte eginen du hasiak direla lan ixil hortan. Gaia izanen da bakarrik Ipar aldeko elizetan egiten den lanaz.
– I –
Noiz danik kantatzen ote da gure Euskal Herriko elizetan ? Xuxen ez dakigu, bixtan dena. Ditugun dokumento zaharrenak hamazazpi garren mendekoak dira. Hor ditugu lekuko bi liburuxka ontsa ezagutuak.
Bat, Joannes Etcheberri, Ziburuko apezak argitaratu zuena, 1630 eko baimenarekin : Noelac eta berçe canta espiritual berriac.
« Canta berriac » erakusten dauku, bazela lehenago bertze liburuxka bat edo berdin gehiago agertuak kantu zaharragoko batzuekin. Bainan ez dugu herrestorik. Liburuxka hortan atzemaiten ditugu, oraino gure elizetan kantatzen ditugun kantu batzu : « çato Izpiritua… Canta arin mundutarrak… Ah, guiçona biçi haiz ixutua… »
Bigarren liburuxka bat agertu zen Pau-en, geroxago 1686n, Gazteluçar, jesuista batekegina. Eguia catholicac salvamendu eternalaren eguiteco necessario direnac
Hemen ere badira bi kantika ordutik kantatzen direnak gure elizetan : « Canta çagun guçiec ahalic gorena… Creatura damnatua ». Beldurrik gabe erran ditake, liburu horiek agertu aintzin, eta hori aspaldian, kantatzen zela euskuaraz gure elizetan ! Dechepare-k, bertsutan egin «Doctrina Christiana», norentzat egin ote zien ez bazen herriak kantatzeko egina, berdin orai oraino Xuberon emaiten den pastoral baten modan ! Hala nola « hamar manamenduiak » :
« Ador ezak Jangoiko bat, onets oroz gainetik ;
Haren izena ez jura kausa gabe banoki ;
Igandiak eta bestak santifika debotki ;
Aita eta ama ohora hitzak, bizi izan luzeki…
XVII, XVIII, XIX. mendetan arras kantu guti izan da eginik Euskal haritik. Frantses kantuak sartu dira trumilka gure elizetan. Nolaz ez ! Zer entzuten zuten orduko apez gaiek beren seminario eta komentuetan : Gregorianoa eta frantses kantikak ! Etzen besterik. Aintzinagoko apezek, frantsesetik egin kantikak kantatzen zituzten lorian. Aita Lerchundik egin « Kantikak » liburuan erraiten du ahoan bilorik gabe : « Erran dezaket, egiaz, gure elizetako kantuetan, hiruetarik biga, frantsets kantuetarik hartuak izanak direla ».
Beharrik, XIX. mendearen undarrerat xutituko dira gizonak Euskal kantiken berritzeko.
Gratien Adema, « Zalduby », “ Oi gurutzea, oi Gurutzea…” kantu famatuaren egilea.
Jean Barbier hoinbeste kantika berritu baititu.
Charles Bordes-ek 1899an, argitaratzen du : « La tradition au Pays Basque » liburu famatua. « La musique populaire basque », « Dix cantiques populaires basques », « Douze Noëls basques ».
1892ean Aita Jaret misionestak argitaratzen du « Hazparneko Galbarioa », 74 kantiken bilduma batekin.
1906an Sébastien Hiriart, Larresoro-Belokeko organo joileak, argitaratzen du « Eskualdun Eliza-kantuak », 200 bat kantika organoa lagun, balio handiko liburua, Euskal-Herriko organo joilek ontsa baliatu dutena.
1936an Florentin Vogel, Donapaleuko organistak argitaratzen du « 50 Eskualdun kantika ».
Hego aldean behar dira aipatu bi musikalari famatu :
D. Resurreccion M. de Azkue. 1912 an argitaratu zuen « Canciones religiosas » 89 kantiken bilduma.
Aita Jose Antonio de Donostia, kaputxinoak argitarazten ditu, « Euskual Eres sorta », 66 kantikekin (1916) eta « La musica popular vasca » (Bilbao 1917).
Bi azken hok egin dituzte beste ainitz lan musikari buruz, luzegi bailitake hemen aipatzea.
XX. mende erditsutan, gerla finitu ta laster, piztu zen Euskal-Herrian, bertze ainitz lekutan bezala, mogimendu bat beti emendatuz joanen dena : mundu zahar bat erortzera zoan, berri bat ari zen sortzen azpitik.
1947an, gerla finitu bezain laster, Aita Gabriel Lerchundik argirarazten du, zonbait urte hetan ontzen ari zuen lan bat : « Kantikak » deitu liburua. Ainitz urtez, bizikletez kurritu zituen Euskal-Herriko ainitz parropia, orduan kantatzen ziren kantiken bilduma baten egiteko. Behin ere egina etzen lan bat, hoin xeheki ikertua eta balio handikoa. Handik laster, Belokeko gazte andana bat hasi zen, Iratzeder buru, liturgiari buruzko lan batzuetan. Sendi zen zerbait berriri buruz ari ginela.
1947ko Otsailaren 3an, lehen aldikotz, bezperak Euskaraz kantatuak dira Mugerren. 2001ko Otsailaren 3an,bezpera horiek berak kantatuak izan dira Mugerreko elizan, Euskal Kultur Erakundeari esker.
1952 an Pio XII Aita Sainduak, Aste Sainduko Elizkizun guziak berritzen ditu : Jesu-Kristoren hiltzea eta piztea, liturgiaren zentroan emanez : Denak hartarik doatzi, denak hartarat doatza. Liturgiari buruz hasi sailean, lehen liburua orduan agertu zen : Gau Saindua, Beloken. Orduan piztu su-garra handituz joanen da kontzilioa hasi arte .
1953 an Belokeko gaztek kantatzen eta argitarazten dute lehen meza bat eskuaraz : « Jainko Jaun zerukoa », dizka bat lagun. 10 urte kontzilioa hasi aintzin, gure elizetan kantatzen ziren Euskaraz : Urrikal, Aintza, Sinesten dut, Saindu, Gure Aita, Jainkoaren Bildotsa, nahitez orduko itzulpenetan.
1954an agertzen da « Pasionea » Lerchundi-Iratzeder-en lana. Ainitz herritan emana izan da Pasione hori, zonbait urtez.
Urte berean « Mortutik oihu » Jondoni Batistaren bizia. Lerchundi, Iratzeder, Ch. Lebout.
1956ean : Eguberri: Aita Donostia-Iratzeder.
1961an « Elizako Liburua » agertzen da, Narbaits kalonjeak argitaratua, igande guzietako irakurgaiekin. Berant bazen ere, laguntza handia ekarri du ainitz girixtinoeri, kontzilioko lanak agertu artian.
1963 an agertzen da Aipa Jainkoa Aita Lerchundi eta Aita Iratzeder-ek egina : Salmo andana bat, bi, hiru bozetan, Belokeko frailek kantatuak.Ainitz aldiz agertuko da dizka hori ondoko urtetan.
1962ko Urriaren 11an idekitzen da Kontzilioa
Mundu guzia gertakari horren beha zagon zonbait urte hetan. Ainitzek senditzen zuten mundu zahar bat lurrerat zoala eta berri bat ari zela sortzen petik. Elizak ere bazuen gaztetzearen beharra, maizegi gakotua baitzagon bere ohidura zaharretan. Orduan gertatu dira jakitate handiko langileak, Elizak behin ere ikusi etzuen berritze bati lotzeko. Alainan, liturgia guzia behar zen berritu, haste irakurgaietarik (lehen baino hiruetan gehiago), kantuen hitz eta doinu berriak asmatu, Sakramendu guzien irakurgaiak berritu, eta holako lanen hedatzeko EZKILA sortu berria zen argitaratzailea bultatu. Bainan, zioten zonbaitzuk, behar ote zen holako lan izigarri bateri lotu, ala aiseteneat lerratu, frantsets kantu eta testoak hartuz ? Etziren hartarik ari Euskal-Herriko apez eta euskaltzaleak !
1964ko Martxoaren zazpian, elgarretaratzen da apez andana bat gaitza Jaun Apezpikuaren inguruan : oldar gaitzean gehienek hartzen dute xedea, Euskal Liturgia sorarazteko, zernahi gostarik ere. Zuhurtziazko xedea !
Hain xuxen, urte berean argitaratzen da Aita Lerchundi eta Aita Iratzeder-ek egin lan handia : Salmoak. Ez ditaike aski estima liburu horrek ekarri duen laguntza Kontzilioko lanak hastera zoatzin memento hartan. Lehenagoko liturgian etzen salmorik kantatzen, latinez baizik, erran nahi baita Euskal herrian batez, salbu bezperetan. Salmoek, liturgi berrian, leku handia ukanen dute.
Denak lekuan ziren liturgi berriari lotzeko. Erromak, testo berriak agertu arau, talde bat itzulpenetan hasten zen eta segidan musikalariak aire berri egiten edo xahar berritzen.
Lehen langilen izenak aipatu gabe ez ditazke utz :
Testoen itzulpenetan : Pierre Andiazabal Liturgia Batzordearen buru han ziren, Pierre Lafitte ; Aita Iratzeder ; Joseph Oçomendy ; Marcel Etchehandy ; Pierre Etchebarne ; Mañex Erdozaintzi ; Guillaume Epherre kalonjea ; Jean Hiriart-Urruty ; Emile Larre ; Marcel Larralde ; Georges Bidart, Sarako apeza, Pierre Etchebarne, Itsasuko apeza ; Benoît Olhagaray ; Pierre Charriton eta beste.
Kantuen mailean: Gabriel Lerchundi ; Pierre Narbaitz kalonjea ; Jean Donetch ; François Lopepe, beneditanoa ; Pierre Lagrenade ; Martin Arrabit apeza ; Juan Urteaga ; Thomas Garbizu ; Juan Jose Olaizola.
Huna 1964 an, EZKILAN argitaratu ziren lehen lanak :
Bi talde horiek, 12 urtez, egin dute lan bat ezin sinetsizkoa : Liturgi guzia berritu daukute. Aipatuko ditugu bakarrik, etsenplu gisa, egin dituzten itzulpenak irakurgaietan :
Ainitz kantu osoki berrituak izan dira, bai doinuaren aldetik, bai eta ere gehiago hitzen aldetik, Bibliaren mamiaz baitziren eberastuak.
Sail hau bururatzean nahi nuke aipatu, hego aldeko eta ipar aldeko taldek egin duten lan baliosa, Euskara berean emanez mezako kantu guziak. Zinez hori izan da Euskara batuari buruz egin lehen urratsa, indar bat ekarri baitu gure elizkizuneri : Hitz berak, sineste berean.
– II –
Koralen sortzea
1966an, Juan Urteaga buru, hiru koral elgarretaratzen dira Donibane Lohizuneko Elizan : Begiraleak, Oldarra eta Belokeko fraile andana bat, Juan Urteagak egin Meza berri baten argitaratzeko xedearekin. Meza horrek fama handia ukanen du, ezen oraino kantatua da urte guziz, Donibaneko Elizan, hau da : La Messe des Corsaires.
Orduan zen sortu ainitzen gogoan : zertako ez ditugu muntatuko gure herrietan koralak gure elizkizunen hobetzeko. Asmo horrek egin zuen laster bide Euskal Herriko elizetan .
1968an apez eta laiko andana bat elgarretaratzen dira gai hortaz mintzatzeko. Zonbait pundu jalitzen dira: Koral batek laguntza handia ekar lezake gure elizkizunetan :
1969ko Urtarrilaren 23an, Uztaritzeko Seminarioan, sortzen da Koralen batasun bat :
Commission des Chorales du Pays Basque C.C.P.B.
Euskal Herriko Koralen Abesbatza E.H.K.A.
1969ko otsailaren 6an, lehen bilkura egin zuten Beloken. Pierre Narbaitz kalonjea eta Pierre Andiazabal buru, huna lehen arduradunen izenak : Joseph Camino ; Arrabit ; Jean Donetch ; Aita Lopepe Belokekoa ; Pierre Lagrenade eta Paul Sarcou. Hauen lana :
Koralen lehen biltzarrea 1969ko Azaroaren 23an egina izan zen : han ziren 600 bat kantari Euskal Herriko herri gehienetarik etorriak. Joseph Camino meza emaile, Andiazabal apeza eta François Lopépé beneditanoa laguntzaile. Narbaitz kalonjeak eman zuen predikia edo homelia, eta Sarramagnan kantu guzien gidari. Sekula ikusi etzen egun ederrenetarik bat Hazparneko elizan.
Ordutik gure laneko ara beti bertsia izana da. Haste hastetik, izen bera emaiten diogu koraleri emaiten diotegun liburuxkari :
Kanta Jaunari 1969 Hazparne … Kanta Jaunari 2009 Donapaleu.
Gure batzordeak hamar, dotzena bat lankide baditu, Euskal Herri guzitik. (orai, 2009an, 5 apez eta zortzi laiko).
2009an berrogoi urte eginen du gure koralen batzordea sortua dela. Berrogoi urte gure kantariak lotzen direla kantu berri eta zaharreri. Berrogoi urte eskaintzen dutela lan hori Elizari eta Jainkoari, beren lanen artetik, gogotik ezarriz beren dohaina denen zerbitzuko. Ez dakigu beti zonbat gostatzen den emaitza hori, bereziki neguan, lanak finituta, lasterka kantatzera ! Eskerrak seurki deneri ! Zonbait eta zonbait kantu ikasi eta kantatu dituzte ! Ainitz kantu berri edo zahar-berrituak sartu dira gure elizetan, koraleri esker. Gure kantika xaherrenetarik gehienak berrituak izan dira. Badira oraino baliatuko ditudunak, ondoko urtetan.
Azken pundu bat nahi nuke aipatu : kantu frantses edo arrotz kotsia sartu dira gure egitarauetan … sobera, zonbaiten arabera. Bi hitzez erraiteko ene ikusteko moldea, aire eder bat atzemaiten dutalarik, izanik ere arrotza, aberasten daut ene nortasuna, bertzetan ere sortzen baita edertasunaren iturria. Etsenplu bat hartzen dut : gure liurgian ere, juanago eta ikerketak baliosago ateratzen dira. Orai hobeki ikusten dugu, mezan, Esker-Onezko otoitzean, hel-buru gorena dela : Hunen bitartez, Hunekin eta Hunetan, Gure Aita kantatu aintzin. Berthier-k egin du bat zinez ederra, hartu duguna gure liturgian, Besta-Burutan kantatzeko. Izena ezarri ez baginu, nork erran lezake « frantses » aire bat dela ? Hasteko, herri oso batek kantatzen duelarik, bi edo hiru aldiz entzun dutan bezala, ez da deus ederragorik. Gure elizetako kantuen arduraduner, keinu bat. Nahi nuke erran hemen, nola eta zertako sar-arazi ditugun aire arrotzak gure elizkizunetan.
Duela hogoi bat urte, Lurdeko beilan gertatzen ginelarik, bi urtetarik, Biarnes eta Euskaldunak elgarrekin, anitz kanturi ez ginen juntatzen ahal, gu Euskaldunak, ez gintuelakotz ezagutzen. Hara nola hasi ginen, Lurdeko kantu zonbaitzueri itzulpenen egiten : Gloria, pertsuak euskaraz, Saindu… Bat gaude… Zurekin goazi Jauna…O gi guretzat emana… Bai, gora Jaungoikoa… osoki sartu direnak gure elizetan.
Liturgia berria bultatu ginielarik duela berrogoi bat urte, bazen langilez ihaurri : galdatzea aski zen, ukaiteko segidan testo edo doinu berri. Orai besterik da ! Nun dira Lerchundi eta Iratzeder, Urteaga eta Donetch eta beste ? Nun da, Emile Larre gure azken pertsu egilea ordainduko duena ? Gure euskal alorra ez dugu, behar bada, aski miatzen.
Gabezian, itzulpenetarat itzuli gira. Bixtakoa da, hitz eta doinuek euskal haritik behar luketela : ahal zenean,beti hala egin dugu. Nik uste halere hitzek, aireak baino pizu gehiago baduten. Bertsulari saio batean gertatzen zirelarik, zeren ondotik doatzi entzuleak ? Zer segitzen dute denek hoin erne eta bizi ? Bixtakoa : pertsularien hitzen eta ideien bidea, heien zuhurtzizko hitzak, edo berdin zirto eta gezien puntta xorrotxa ! Aireaz ez dira hala kexu ! Berdin, uste dut, elizako kantuetan : hitzek daukute mamia agertzen, sinestea azkartzen, fedea argitzen. Doinua euskalduna bada, seurki hobe : kantua hobeki jantzia da !
Ohartu ahal zirezte, zonbait urte hotan, bizpahiru kantu ezartzen ditugula programaz kanpo. Euskal Herri barnean guti kantatuak dira, puxka bat zailak direlakotz.Ardura frantsesetik edo beste arrotz herrietarik ateraiak dira. Horiek emaiten ditugu bakarrik hiru edo lau koral aski handientzat, enplegia dutelakotz.
Hurrankako xendra hartzen duenak ainitz leku eder huts egiten du. Zer daki mendi kasko ederrez, hango ur-sorgiez, hango ardi saldoez, sorhopila berde batzuetan alha edo haize bidean goxoki etzanak ? Berdin egin behar dugu, nahi badugu gure kantuetaz bista orokor bat ukan. Goazen beraz bide handiz ! 1989tik 2009rat, beraz hogoi urtez emanak izan diren kantuen zerrenda egin dut. Bana beste, urte bakotx 14 edo15 kantu eman ditugu. Euskaldun eta frantses-arrotzen kantuen mailean ere ekartzen dauku bere erakaspena .
Kantu euskaldunak, 251 kantu, orotara
Kantu frantses edo arrotzak, 28 kantu, orotara
Egia erran, azken hiru urte hotan 5,6,4 kantu frantses eman ditugu egitarau bakotxean. Horrek itsutu ote dituen bat edo beste !
Orai langileak ttipitzen ari dira, behar orduak beti hor, bainan segitzeko nahikaria ere beti bizi ! Baitezpada segitu behar dugun lana da hori.
Koralen lanaz kanpo, nola ez aipa hemen haurren eta gazteen mailean eginak izan diren lan ederrak :
Aita Ignace Etchehandy, Beloke 2009ko apirilaren 19an.