Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 3, 1-8 a. 10. 13-15.

Moisek, bere aitaginarreba Jetro, Madiango apezaren,
ardiak zaintzen zituen.
Behin, basamortuan barna ereman zituen,
eta Horeb, Jainkoaren mendirat heldu zen.
Han Jaunaren aingerua agertu zitzaion
sasi artetik ateratzen zen sugar baten erdian.
Moisek behatu zio : sasia sutan zen, eta ez erretzen.
Moisek bere baitan egin zuen :
“ Banoa gauza harrigarri horren ikustera :
zergatik sasia ez da erretzen ?”
Jaunak ikusi zuen bazoala behatzera,
eta Jainkoak dei egin zion sasi erditik:
“ Mois ! Mois !”
Hunek ihardetsi: “ Hemen nauzu ! ”
Jainkoak erran zion orduan :
“ Ez hurbil ! Ken oinetakoak,
zauden tokia lur saindua baita !
Ni zure aitaren Jainkoa naiz, Abrahamen Jainkoa,
Izaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa.”
Moisek aurpegia estali zuen, Jainkoari behatzeko beldurrez.
Jaunak erran zion :
“ Ikusi dut nere herriaren atsegabea Egipton,
eta entzun ditut heien garrasiak beren zapaltzaileen zigorpean.
Bai ezagutzen ditut heien oinazeak.
Jautsi naiz Egiptoarren eskuetarik libratzera,
eta lurralde hartarik lurralde on eta zabal baterat iganaraztera,
esnea eta eztia darion lurralderat.
Eta orai zoazi ! Faraonenganat igortzen zaitut :
Egiptotik aterako duzu nere herria, Izraelen semeak.”
Moisek ihardetsi zion Jainkoari:
“ Bai, joanen naiz Izraelen semeenganat, eta erranen diotet :
Zuen arbasoen Jainkoak igorri nau zuenganat.
Heiek galdatuko dautate nola duen izena,
zer ihardetsi behar diotet nik ?”
Jainkoak erran zion Moisi :
“ Naizena naiz ni.
Hunela erranen diozute Izraelen semeeri:
Zuenganat igorri nauena “NI NAIZ ” da.
Jainkoak erran zion oraino Moisi:
“Hau erranen diozute Izraelen semeeri:
Zuenganat igorri nauena YAHVE da, JAUNA da,
zuen arbasoen Jainkoa, Abrahamen Jainkoa,
Izaaken Jainkoa, Jakoben Jainkoa.
Hori da nere izena betiko,
oroitgarri hortan goretsiko nauzue menderen mendetan.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

102. Salmoa
Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu.

Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren izenari.
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari.

Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori ;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.

Gauza orotan beti da Jauna zuzen ari,
Beren zuzena itzultzen baitu gaixoeri.
Emana dio berak Moisi bere berri,
Izraelentzat egin du ainitz miragarri.

Ona da Jauna eta guziez urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Zenbatez baita zerua nausi lur zolari,
Hala guretzat Jainko bihotza nausi ari.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 10, 1-6 . 10-12.

Haurrideak,
ez zaituztet ez-jakinean utzi nahi
zer gertatu zen Egiptotik ateratzean.
Gure arbasoak denak egon ziren hodeiaren gerizan,
eta denek iragan zuten Itsas Gorria.
Denak bataiatuak izan ziren hodeian eta itsasoan,
Moisekin bat eginez ;
denek jan zuten izpirituzko janari bera
eta denek edan izpirituzko edari bera:
alabainan, heiekin zoan izpirituzko harrokatik edaten zuten,
eta harroka hura Kristo zen.
Halere, heietarik gehienak ez zitzaizkion Jainkoari atsegin izan,
eta basamortuan hil ziren.
Gauza hauek guretzat ikasbide izaiteko gertatu ziren,
gaizkirako tirriarik izan ez dezagun,
gure aitek izan zuten bezala.
Ez zaiteztela marmarrean ari Jainkoaren kontra,
heietarik batzu ari izan ziren bezala :
errautsiak izan baitziren.
Heieri gertatu guzia ikasbide izan beharra zen,
eta izkiriatua izan zen
azken garai hauetan bizi girenen zentzarazteko.
Beraz, xutik dagola uste duenak kasu egin beza ez eror.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza,
Zerurateko gogo zabalak bete neza.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 13, 1-9.

Egun hartan,
etorri zitzaizkion batzu Jesusi,
Galilear zenbaiti gertatuaren berri emaitera :
nola Pilatok hil zituen, opari bat eskaintzen ari zirelarik.
Jesusek ihardetsi zioten :
“ Uste ote duzue Galilear heiek
beste Galilear guziak baino bekatariago zirela
holako heriotzea jasan dutelakotz ?
Ezetz diozuet; eta zuek ere, bihozberritzen ez bazirezte,
guziak berdin galduko zirezte.
Eta Siloeko dorrea gainerat erori-ta,
hil ziren hemezortzi heiek,
uste ote duzue beste jerusalendarrak baino hobendunago zirela ?
Ezetz diozuet, eta zuek ere bihozberritzen ez bazirezte,
guziak berdin galduko zirezte.”
Jesusek parabola hau ere erran zioten :
“ Gizon batek pikondo bat bazuen bere mahastian landatua.
Hartarat joan zen pikoketa, eta ez zuen aurkitu.
Orduan erran zion mahastizainari :
Badu hiru urte pikondo huntarat fruituketa heldu naizela,
eta ez dut aurkitzen.
Motzazu ! Zertarako hor utz, lurra alferrik jaten ?
Bainan mahastizainak ihardetsi zion :
Jauna, utzazu aurtengotz,
inguruan aitzurtu eta ongarria emanen diot.
Beharbada fruitu emanen du geroan ;
bestela moztuko duzu. ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.