Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 53, 10-11.

Oinazeetan lehertua, Zerbitzaria Jaunaren gogoko izan da.
Bekatuen ordainetan bizia ematen baitu,
izanen ditu ondokoak, eta bizitze luzea :
Jaunaren nahia beteko da haren bitartez.
Bere oinazeen sari, argia ikusiko du, eta asea izanen.
Oinazeak ezagutu baiditu,
nere zerbitzari zuzenak zuzen eginen ditu ainitz,
heien bekatuak bere gain hartuko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

32. Salmoa
Gure gainerat ager, Jauna,
zure betiko bihotz ona !

Jaunaren hitza beti zuzen,
Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite,
Haren bihotzak lurra bete.

Huna bai Jauna dena begi,
Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi,
Eta nasaiki eman ogi.

Jainko Jaunaren beha gaude :
Hura guk lagun, adixkide.
Gure bihotza baita dena
Zuri osoki, Jainko Jauna.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Hebrearreri epixtolatik 4, 14-16.

Haurrideak,
gure apez nagusi handia, Jesus, Jainkoaren Semea,
zeruetan sartua dugunaz geroz,
atxik dezagun sendo aitortzen dugun fedea.
Alabainan, gure apez nagusia ez da
gure ahuleziaz urrikal ez daitekeen norbait ;
bera ere, gu bezala, gauza guzietan frogatua izan baita,
bainan bekaturik egin gabe.
Konfiantza osoz hurbil gaitezen, bada,
Jainkoaren graziaren tronurat,
urrikalmendua ardiets dezagun,
eta behar orduan, laguntzaren grazia aurki.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jainkoaren Semea zerbitzari izaitera etorri da,
Eta bere biziaren emaitera askoren ordain-sari.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10, 35-45.

Jakobe eta Joani, Zebedeoren semeak
Jesusenganat hurbiltzen dira, eta erraiten diote :
“ Irakasle jauna, eskatuko dautzuguna
egin diezaguzun nahi ginuke.”
Jesusek erran zioten :
“ Zer nahi duzue nik zueri egitea ? ’
Heiek ihardetsi :
“ Iguzu, bat zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezen,
zure aintzan.”
Jesusek erran zioten :
“ Ez dakizue zer eskatzen duzuen.
Bazirezte, nik edanen dutan kalitza saminetik edateko ?
Edo nik hartu behar dutan bataioa hartzeko ?
Ihardetsi zioten : “ Bai, bagira.”
Jesusek orduan :
“ Nik edanen dutan kalitza, edanen duzue,
eta nik hartu behar dutan bataioa hartuko.
Bainan nere eskuinean eta ezkerrean jartzea,
ez da nere esku horren emaitea :
norentzat prestatua den, eta hari emanen zaio.”
Beste hamarrak, hori entzutean,
Jakobe eta Joaniren kontra sumindu ziren.
Dei egin eta Jesusek erran zioten :
“ Badakizue, herrien buruzagi direnek
menpean hartzen dituztela herriak,
eta handikiek beren nausigoa sendiarazten.
Zuen artean, ez da horrela izan behar.
Zuen artean handi izan nahi duena
izan bedi zuen zerbitzari.
Zuen artean lehen izan nahi duena
izan bedi guzien mutil.
Zeren Gizonaren Semea ez baita etorri zerbitzatua izaitera,
zerbitzari izaitera baizik,
eta bere bizia guzien alde ordain-sari emaitera.”

EDO BERTSIO LABURRA :

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 10,42-45.
Jesusek bere dizipulueri erran zioten :
“ Badakizue, herrien buruzagi direnek
menpean hartzen dituztela herriak,
eta handikiek beren nausigoa sendiarazten.
Zuen artean, ez da horrela izan behar.
Zuen artean handi izan nahi duena
izan bedi zuen zerbitzari.
Zuen artean lehen izan nahi duena
izan bedi guzien mutil.
Zeren Gizonaren Semea ez baita etorri zerbitzatua izaitera,
zerbitzari izaitera baizik,
eta bere bizia guzien alde ordain-sari emaitera.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B, 2

Ez dakizue zer eskatzen duzuen, zion Jesusek apostolueri. Guk ere ez dakigu norat ereman gaitzaken gure otoitzak: fidantziarekin goazen Jesusen ondotik.

1. Aita sainduarentzat, apezpiku eta apezentzat, Elizaren zerbitzari guzientzat: umiltasunean bete dezaten beren zerbitzua, egin dezagun otoitz.

2. Lur huntako buruzagi eta kargudunentzat: zuzentasunean bete dezaten beren kargua, egin dezagun otoitz.

3. Misionestentzat eta heien laguntzaile guzientzat: Ebanjelioaren zerbitzari leial izan diten, egin dezagun otoitz.

4. Oinazetan diren erientzat, nahigabeek joak direnentzat: ukan dezaten Kristo hilaren eta piztuaren argia, egin dezagun otoitz.

5. Igandekari bilduak diren girixtinoentzat: munduaren zerbitzari leial izan diten , egin dezagun otoitz.

Onhar, Jauna, gure galdeak,
eta egin gaitzazu gure haurrideen zerbitzari,
Jesu Kristo gure Jaunaren idurirat.
Errege baita gizaldi eta gizaldi guzietan.

Parropia bakotxak egokitu behar du