Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 55, 1-3.

Egarri zirezten guziak, zatozte uretarat ;
dirurik gabe ere, zatozte, eros eta goza,
zatozte arno eta esne erostera, dirurik gabe eta urririk.
Zergatik xahu dirua, hazten ez duten gauzetan,
zergatik ibil penatuak asetzen ez duten gauzen ondotik ?
Entzun nezazue bada, eta jan gauza onetarik,
janari gozoenez aseko zirezte.
Adi zazue ! Zatozte nereganat ! Entzun eta biziko zirezte.
Betiko batasuna eginen dut zuekin,
Dabidi hitzeman nion maitasunaren finkatzeko.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

144. Salmoa
Jaunak eskua zabaltzean,
badugu zer jan ausarkian.

Eztia eta guziz ona da gure Jauna :
Urrikaltsu eta bihotzik nasaiena.
Mundu guziko guzientzat da ona Jauna :
Egin dituen ororentzat du bihotz ona.

Guzi guzien begiak daude, Jauna, zuri,
Eta heieri behar orduan zuk janari.
Zure eskua duzu zabaltzen, zuk, Jainkoa,
Eta badute hasdun guziek nahikoa.

Zuzen da Jauna bere bidetan, beti zuzen,
Egin lanetan zoin dena bihotz den agertzen.
Hurbil da Jauna, hari otoizka daudeneri,
Hari otoizka, bihotza zintzo eta garbi.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Erromanoeri 8, 35. 37-39.

Haurrideak,
nork berexiko gaitu Kristoren maitasunetik ?
Atsegabeak, hersturak, pertsekuzioneak,
goseak, gabeziak, irriskuak, ezpatak ?
Ez, horietan guzietan garaile ateratzen gira gain-gainetik,
maitatu gaituen Hari esker.
Bai, badakit segur : ez herio, ez bizi,
ez aingeru, ez goiko beste indar, ez oraiko, ez geroko,
ez ortziko, ez eta lurpeko indar, ez beste edozein kreatura,
deus ez da berexten ahalko gaituenik
Jesu Kristo gure Jaunaren baitan den Jainkoaren maitasunetik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Jaunak eman zion bere populuari basamortuan janari
Zeruko ogiz zuen ase.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 14, 13-21.

Jesus bazter leku baterat joan zen untziz, bera bakarrik.
Bainan ohartu zen jendea, eta oinez herrietarik jarraiki zitzaion.
Untzitik ateratzean, Jesusek jendetza handia ikusi zuen ;
heietaz urrikaldurik, eriak sendatu ziozkaten.
Ilunabarrean, dizipuluek hurbildu eta erran zioten :
“ Leku bazterra da hau, eta ja beranta.
Igor zazu jendea, herrietarat joan eta jatekoa eros dezan.”
Jesusek erran zioten :
“ Ez dute joaite beharrik; zihaurek emozuete jatera.”
Heiek orduan :
“ Ez dugu hemen bost ogi eta bi arrain baizik.”
Eta Jesusek : “ Ekar hunat.”
Jendeari belarrean jartzeko manatu ondoan,
hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak,
eta begiak zerurat altxaturik, benedizionea erran,
ogiak zatitu eta dizipulueri eman ziozkaten, eta dizipuluek jendeari.
Asetzeraino jan zuten guziek,
eta hondarrak bildu zituzten, hamabi saski bete.
Bost mila gizon inguru ziren jan zutenak,
emazteak eta haurrak bestalde.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.