A urtea / Trinitate Sainduaren besta

Testu guziak telekargatu Ikus kantuak eta fededunen otoitzak

Lehen irakurgaia

Jalgitza liburutik 34, 4-6 ; 8-9.

Mois, goizean goiz jeikirik, Zinai mendirat igan zen,
Jaunak manatu zion bezala.
Jauna hedoian jautsi zen eta haren ondoan gelditu.
Moisek Jaunaren izenari dei egin zion.
Jaunak, haren aitzinetik iragaitean,oihu egin zuen :
“ Ni, Jahve, Jauna,
Jaungoiko urrikaltsu eta bihozbera,
hasarrerako nagia, urrikalmenduz aberatsa eta leiala.”
Mois berehala lurrerat ukurturik, ahuspez eman zen, erranez :
“ Jauna, atsegin banauzu,
ibil zaite, otoi, gure artean.
Herri hau buru gogorra da : barka gure gaixtakeriak eta bekatuak,
eta har gaitzazu zuretzat.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

Daniel 3
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !

On eta saindu zu gure aiten Jainko Jauna :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !
On eta saindu, zuk bai ospea, bai izena :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !

On eta saindu, zu gain hartako tenplo hartan :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
On eta saindu, zu sekulako erresuman :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri mendez mende !

On eta saindu, zu zerutik so, leizez leize :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !
On eta saindu, zeru gain hartan Jaun baitzaude :
Zoin aipagarri, zoin goresgarri, mendez mende !

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 13, 11-13.

Haurrideak,
bozkaria zaitezte, on baino hobeak izaitera lehia, elkar susta.
Izan gogo bereko, bizi bakean,
eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izanen duzue.
Agur zazue elkar besarkada sainduaz.
Fededun guziek goraintziak zueri.
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia,
Jainkoaren maitasuna
eta Izpiritu Sainduaren batasuna
izan bedi zuekin guziekin.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Ospe Aitari, Semeari, bai Izpiritu Sainduari !
Orai den eta betidanik zen Jainkoari,
Bai eta berriz etorri behar zaikunari !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 3, 16-18.

Jainkoak hain maite izan du mundua,
non bere Seme bakarra eman baitu,
haren baitan sinesten duenik ez dadin gal,
bainan betiereko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitu bere Semea mundurat igorri
munduaren kondenatzeko,
bainan bai, haren bitartez munduaren salbatzeko.
Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua,
sinesten ez duena, berriz, jadanik kondenatua da,
Jainkoaren Seme bakarraren izenean ez baitu sinetsi.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.