Zirak zuhurraren liburutik 3, 2-6. 12-14.
Jainkoak aita goresten du seme-alabetan,
eta amaren eskubidea azkartzen haurretan.
Aita ohoratzen duenak, bere bekatuak ordaintzen ditu,
eta ontasunak biltzen dituenaren iduriko da ama goresten duena.
Aita ohoratzen duenak bozkario izanen du bere seme-alabetan,
eta otoitz egunean entzuna izanen da.
Aita goresten duena luzaz biziko da,
eta Jaunari obeditzen dionak atsegin emaiten dio amari.
Seme, lagunt aita bere zahartasunean,
eta ez eman nahigaberik bere bizitzean.
Burua galtzen badu, on izan zaite harentzat,
eta ez gutiets zure sasoin betean.
Aitari eman laguntza ez da ahantziko,
eta bekatuen ordain izanen duzu.
Atsegabe-egunean Jainkoak gogoan izanen zaitu.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
127. Salmoa
Zure etxean daudenek, Jauna,
Egun guzian zer zoriona !
Dohatsu bai zu Jaunaren beldur bazaudena,
Haren bidetan zabiltzana !
Zure eskuen lanetik duzu jan edana,
Eskutan duzu zoriona !
Zure andrea mahats-ondo bat bezain jori,
Etxe xokoa bozten ari.
Zure semeak oliba-ondo gotor batzu,
Mahainean so dagozkitzu.
Hara nolako zorionean dabilana
Jaunaren beldur den gizona.
Jainkoa lagun, bizi zareno izan urus,
Jerusaleme azkar ikus.
Jondoni Paulok Koloziarreri 3, 12-21.
Haurrideak,
Jainkoak hautatu zaituztenaz geroz,
haren saindu eta maiteak izaiteko,
Jau ntz zuen bihotzean urrikalmendua,onezia,
apaltasuna, eztitasuna, pazientzia.
Elkar jasan zazue eta elkarri barka,
zuen arteko arrangurarik balinbaduzue.
Jaunak barkatu dautzuen bezala, zuek ere barka.
Horien guzien gainetik izan maitasuna,
hori baita elkartasunaren lokarria.
Eta Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan,
hortara deituak baitzirezte, denak gorputz berean.
Eskerrak bihurtuz bizi zaitezte.
Bizi bedi zuen baitan Kristoren hitza bere aberastasun betean:
Irakats eta zuzent elkar zuhurtzia osoz.
Salmoak, himnoak eta kantika goi-argituak emanez,
kanta Jainkoari zuen bihotzetan zuen esker ona.
Erranen edo eginen duzuen guzia,
egizue Jesus Jaunaren izenean,
hunen bidez Jainko Aitari eskerrak emanez.
Emazteak, zaudezte zuen senarraren meneko,
Jaunaren aitzinean, zuzen den bezala.
Zuek, senarrek, maita zuen emazteak,
eta ez gogorrak izan heiekin.
Zuek, haurrek, egizue zuen burasoen errana gauza guzietan,
hori baita on Jaunaren baitan.
Zuek, burasoek, ez sumindu zuen haurrak,
etsimenduak har ez ditzan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Zinez Jainko gordea zira, Jainkoa gizonen artean,
Jesus Salbatzailea !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 2, 13-15. 19-23.
Magoak Betleemetik joan-eta,
Jaunaren aingerua Josepi agertu zitzaion ametsetarik, erranez :
“Jeiki zaite, har zatzu haurra eta haren ama,
eta ihes egizu Egiptorat.
Zaude han, nik erran arte ;
Herodes ibiliko baita haurraren bila, hilarazi nahiz.
Jeiki zen Josep, hartu zituen haurra eta haren ama gauaz,
eta joan zen Egiptorat.
Han egon zen Herodes hil arte.
Hola bete zen Jaunak profetaren bidez errana :
Egiptotik deitu dut ene Semea.
Herodes hil zenean,
Jaunaren aingerua Josepi ametsetarik agertu zitzaion, Egipton,
eta erran zion :
“ Jeiki zaite, har zurekin haurra eta haren ama,
eta zoazi Izrael lurralderat,
hilak baitira haurrari bizia kendu nahiz zabiltzanak.”
Jeiki zen beraz Josep,
haurra eta haren ama harturik, joan zen Izrael lurralderat.
Bainan, jakinik Arkelao zela Judean errege,
bere aita Herodesen ondotik,
harat joaiteko beldur izan zen.
Eta ametsetan berria harturik, Galilea eskualderat jo zuen,
eta Nazaret deitu herri baterat joan zen bizitzera,
profetek errana bete zadin : Nazaretarra deituko dute.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse