Apostoluen Egintzetarik 1, 12-14.
Jesus zerurat igan ondoan,
Apostoluak Jerusalemerat itzuli ziren Olibetako menditik,
(mendi hau Jerusalemetik hurbil baita,
larunbat egunez egin ditakeen bide neurrian).
Heldu zirenean, egoiten ohi ziren gaineko gelarat igan ziren.
Han ziren Petri eta Joani, Jakobe eta Andres, Filipe eta Tomas,
Bartolome eta Matiu, Jakobe, Alfeoren semea,
Zimun Zelota, eta Juda, Jakoberen semea.
Bihotzez bat, otoitzari jarraikiak ziren,
emazte batzuekin, Jesusen ama Mariarekin,
eta haren haurrideekin.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
26. Salmoa
Bai sekulako, zutan, Jauna,
dut gozatuko zoriona.
edo : Alleluia.
Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?
Jauna dut lagun, nork behar nau ni dardarazi ?
Hau dut Jaunari bakar bakarra, hau galdea :
Haren etxean bizi naizeno egoitea.
Haren gozoen gozoaz nadin beti goza,
Begiz ikusiz Jainkoarena den egoitza.
Entzun, Jainkoa, otoizka dagon nere boza !
Urrikal zaite, ihardets neri: otoi, mintza !
Bihotza deika, beha ta beha banabila,
Zure zeruko begitartea gaupez bila.
Jondoni Petriren lehen epixtolatik 4, 13-16.
Haurrideak,
bozkaria zaitezte,
Kristoren sofrikarioetan parte hartzen duzuelakotz,
haren aintza agertuko delarik, alegrantziaz bozkaria zaitezten.
Zoriontsuak zuek, kristau izaiteagatik laidoztatzen bazaituztete,
aintzaren Izpiritua, Jainkoaren Izpiritua zuen gainean baitago.
Zuetarik nehork ez dezala sofritzerik izan,
hiltzaile, ohoin, gaixtagin edo salatzaile izaiteagatik.
Bainan, kristau izaiteagatik balinbada, ez bedi lotsa,
eta gorets beza Jainkoa, kristau izen horrengatik.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Ez zaituzte umexurtx uzten Jesus Jaunak.
Berriz heldu da zuenganat, zuen bihotzak izanen baitu bozkario.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 17, 1-11.
Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen :
“ Aita, etorri da ordua :
ager zazu zure Semearen aintza, Semeak zure aintza ager dezan.
Horrela, gizaki guziak haren esku ezarri ditutzunaz geroz,
zuk eman diozkatzun guzieri betiereko bizia emanen diote.
Hau da betiereko bizia :
ezagut zaitzaten zu, egiazko Jainko bakarra
eta zuk igorri duzun Jesu Kristo.
Nik zure aintza agertu dut munduan,
zuk eman zinautan egitekoa betez.
Orai, zuk, Aita, emadazu aintza zure ondoan,
mundua izan baino lehen zure ondoan nuen aintza.
Zure izena ezagutarazi diotet
mundutik hartu eta eman dauzkidatzun gizakieri.
Zureak zinituen, eta neri eman dauzkidatzu,
eta zure hitza begiratu dute.
Badakite orai zuk eman dautazun guzia zureganik datorrela.
Zuk eman dauzkidatzun hitzak eman diozkatet, eta onartu dituzte.
Egiaz badakite zureganik etorri naizela,
eta sinetsi dute zuk igorri nauzula.
Hauen alde egiten dut otoitz ; ez dut munduaren alde otoitz egiten,
bainan zuk eman dauzkidatzunen alde, zureak baitira.
Bai, dutan guzia zurea da, eta duzun guzia nerea,
eta hauen baitan agertu da nere aintza.
Ez naiz gehiago munduan ; hauek bai munduan dira,
eta ni zureganat noa.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Propositions à adapter par chaque paroissse