Premiere lecture

Apostoluen Egintzetarik 2, 14. 22-32.

Mendekoste egunean,
Petrik, hameka Apostoluen artean xutik, ozenki erran zuen :
“ Juduek eta Jerusalemen bizi zirezten guziek,
konpreni zer gertatzen den hemen, entzun nik errana :
Nazareteko Jesus, Jainkoak zuen aitzinean sinesgarri egin zuen,
haren bidez mirakuiluak, miragarriak eta ezaugarriak eginez,
denek dakizuen bezala.
Jainkoak asmatu eta aitzinetik hartu erabakiaren arabera,
gizon hura eskuetarat emana izan zaitzue
eta zuek hil duzue, gurutzean itzaturik paganoen eskuz.
Bainan Jainkoak piztu du, herioaren oinazeetarik libratuz,
ez baitzezakeen herioak bere menean atxik.
Alabainan, Dabidek hartaz dio :
Beti begien aitzinean naukan Jauna ;
nere eskuinaldean dago, ez nadin kordoka.
Horrengatik zorionean daukat bihotza,
bozkarioz kantari mihia, esperantzan lasai gorputza :
ez bainauzu hilen egoitzan ahantziko,
zure fededuna ez duzu usteltzera utziko.
Bizirako bidea erakutsi dautazu,
zure aitzinean zorionez beteko nauzu.
Haurrideak, argi eta garbi mintzatu behar nitzaizue :
Dabid gure arbasoa hil zen, eta ehortzi zuten,
eta hor dugu gaurdaino haren hilobia.
Bainan profeta zen eta bazakien
Jainkoak zin eginez hitzemana ziona :
haren odoleko bat ezarriko zuela haren tronuan.
Beraz, aitzinetik ikusi zuen Kristo piztuko zela,
eta huntaz erran zuen :
Ez du Jainkoak hilen egoitzan ahantziko
eta ez da haren gorputza ustelduko.
Jesus hori Jainkoak piztu du: gu guziak, lekuko gira.
Jainkoak bere eskuinalderat altxatu duelarik,
Aitarenganik ukan du hitzemana zen Izpiritu Saindua,
eta gure gainerat ixuri :
hori duzue ikusten eta entzuten orai.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Psaume

15. Salmoa
Bizirat doan zure bidea erakuts, Jauna !

edo : Alleluia.

Zaude nere zain, Jainko Jauna,
zuri bainago, zuri, dena.
Zu zare bai zu, nere Jauna :
nik zu gabe non zoriona?

Jauna, zu zaitut ondorio,
eta biziko bozkario.
Zuk eman hori ez galtzeko,
zuhaur beti zain zagozkio.

Nik zer eskerrak Jainkoari,
betitik baitut aintzindari.
Bihotza daukat gauaz ari :
hago Jaunaren erranari !

Biziko urrats guzietan,
Jauna dut beti aintzinean.
Egoiki baitzait eskuinean,
nork nau joko ni, nork sekulan ?

Bihotza dut nik lorietan,
zer boza dudan nere baitan !
Gorputza ere, zer bakean,
pausatuko zait hilobian.

Nere arima duzulako
zuk ifernutik aterako
Zure den huni ez ez zaio
bere gorputza ustelduko.

Bizirat nauzu lagunduko
gozo nasaiez han beteko.
Zure ondoan zuhauri so,
zer zoriona sekulako.

Deuxieme lecture

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 1, 17-21.

Haurrideak,
Aita deitzen duzue, neholako berexkeriarik gabe
bakotxa bere egintzen arabera jujatzen duena.
Bizi zaitezte beraz Jaunaren beldurrean, mundu huntan zirezteno.
Badakizue, aitzinekoenganik zinuten
bizimolde zentzugabetik libratuak izan zireztela,
ez gauza joankorrez, urre edo zilar,
bainan, Bildots itzalik gabekoa eta garbia den
Kristoren odol baliosaz.
Mundua egin baino lehen, Jainkoak hautatua zuen,
eta azkenak diren denbora hauetan agertu du zuen onerako.
Haren bidez duzue sinesten
hilen artetik piztu eta ospez bete duen Jainkoa baitan ;
hola, zuen fedea eta esperantza
Jainkoaren baitan ezarriak dituzue.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Acclamation de l'Evangile

Alleluia, alleluia.
Liburu Saindu guziak guri argi, Jauna,
Bihotza sutan entzun dezagun zure Hitza.

Evangile

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 24, 13-35.

Jesus hil eta hirugarren egunean,
bi dizipulu bazoatzin Emauz deitu herrixka baterat,
Jerusalemetik bi orenen bidean,
Eta elkarrekin mintzo ziren Jerusalemen gertatu guziez.
Solasean eta eztabadan ari zirela,
Jesus bera hurbildu zitzaioten, eta heiekin batean zoan.
Bainan heien begiak itsu zauden, eta ez zuten ezagutzen.
Jesusek erran zioten :
“ Zertaz mintzo zinezten bidean ? ”
Orduan gelditu ziren, begitartea ilun.
Bietarik batek, Kleofas deituak, ihardetsi zion :
“ Jerusalemen zirenetarik bakarra bide zira,
egun hauetako gertakarien berri ez dakiena.”
Jesusek erran zioten :
“ Zer gertakari ? ”
Heiek ihardetsi :
“ Nazareteko Jesusi gertatua :
gizon hori profeta ahaltsua zen egitez eta hitzez,
Jainkoaren eta herri guziaren aitzinean.
Apezburuek eta gure buruzagiek eman dute,
hiltzera kondenatzeko, eta gurutzefikatu dute.
Guk uste ginuen, harek zuela libratuko Izrael.
Bainan, horiek hola, horra hirugarren eguna hori gertatu dela.
Egia erran, gure arteko emazte batzuek harritu gaituzte :
goizean goizik joan dira hilobirat
eta haren gorputza ez dute aurkitu ;
bainan etorri zaizkigu erranez agertze bat izan dutela :
aingeruak, Jesus bizi dela baitzioten.
Guretarik zenbait hilobian izan dira
eta emazteek erran bezala aurkitu dute guzia :
bainan bera ez dute ikusi.”
Orduan, Jesusek erran zioten :
“ Oi zentzugabeak ! Zein nagia den zuen bihotza
profetek erran guzien sinesteko !
Mesiasek ez ote zituen horiek guziak jasan behar
bere aintzan sartzeko ? ”
Eta Moisenganik hasi eta profetaz profeta
Liburu sainduek hartaz erran guzia argitu zioten.
Zoatzin herrixkarat hurbildu zirenean,
Jesusek urrunago joaitera egin zuen.
Bainan geldiarazi beharrez ari zitzaizkion, ziotela :
“ Zaude gurekin, iluntzera doa, eta eguna jadanik apaldua ! ”
Eta sartu zen heiekin egoiteko.
Mahainean heiekin jarri zelarik,
Jesusek ogia hartu zuen, benedikapen-otoitza erran,
zatitu, eta heieri eman zioten.
Orduan begiak ideki zitzaizkioten, eta ezagutu zuten ;
bainan Jesus itzali zitzaioten.
Elkarri erran zuten :
“Ez ginuena gure baitan bihotza sutan,
bidean mintzo zitzaikularik, Liburu Sainduak argituz ? ”
Eta berehala altxatu ziren eta Jerusalemerat itzuli.
Han hameka apostoluak eta hauen lagunak
bildurik aurkitu zituzten, ziotela :
“ Egia da ! Jauna piztu da eta Zimuni agertu zaio.”
Bi dizipuluek bidean gertatua kondatu zioten,
eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.