Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 49, 14-15.

Jerusalemek erraiten zuen :
“ Jaunak utzi nau, Jaunak ahantzi nau.”
Emazte batek ahantz ote dezake bere haurtxoa,
eta bere sabeleko semea ez maita ?
Amak haurra ahantz baleza ere, nik ez zaitut ahantziko.
Jaun ahalguzidunaren errana.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

61. Salmoa
Jainkoa ganik dut indarra,
Hura baitut nik Jaun bakarra.

Nere arimak Jainkoa baitan du indarra :
Hura zait neri hel beharra.
Hura dut hura harroka eta Jaun bakarra :
Zaintzen naueno ezin lerra.

Jainko Jaunaren eskuetan dut nik geroa :
Hura iguzki, bozik noa.
Hura neretzat harroka indar gaitzekoa :
Nere geriza bai Jainkoa.

Jainkoaren gain zuek guziek utz geroa :
Hura betiko betikoa.
Hari bihotza gaur ixur nola olioa:
Gure geriza bai Jainkoa.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a : 4, 1-5.

Haurrideak,
denek har gaitzatela Kristoren zerbitzaritzat,
eta Jainkoaren mixterioen administratzailetzat.
Eta administratzaileari eskatzen zaiona, leiala izaitea da.
Nik, hasteko, axola guti dut,
zuek edo giza auzitegi batek jujatua izaiteaz ;
nihaurek ere ez dut nere burua jujatzen.
Egia da neure kontzientziak ez nauela deusetan salatzen ;
bainan horrek ez du erran nahi hobengabea naizela :
Jauna dut juje.
Beraz, ez juja ordua baino lehen : egon beha Jauna etorri arte.
Harek argituko du ilunbean gorderik dagona,
harek agertuko bihotzeko asmo gordeak.
Orduan nork bere goresmena izanen du Jainkoarenganik.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Bila lehenik Jainkoaren Erreinua,
Eta oro gainerat ukanen ditutzue.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 6, 24-34.

Jesusek erran zioten dizipulueri :
“ Nehor ez daiteke bi nagusiren mutil izan :
edo bat hastio izanen du eta bestea maite,
edo bati leial izanen zaio eta bestea gutietsiko.
Ez zaitezkete Jainkoaren eta diruaren mutil izan.
Horrengatik diozuet :
Ez griña bizitzeko zer jan, edo gorputza zertaz jantz.
Ez ote da bizia janaria baino gehiago,
eta gorputza jantzia baino gehiago ?
Beha zeruko xorieri :
ez dute ereiten, ez uztarik egiten, ez eta selauruetan biltzen ;
halere zeruko zuen Aitak hazten ditu.
Ez ote duzue heiek baino ainitz gehiago balio ?
Zuetarik nork, griñaren griñaz luza dezake bere bizia, doi bat ere ?
Eta jantziaz, zergatik griña ?
Beha nola heldu diren landetako liliak :
ez dira lanean akitzen, ez dute iruten.
Bainan hitz dauzuet : Zalomon bera, bere ospe guzian
ez zen horietarik bat bezala jantzia.
Beraz, gaur hor dagon eta bihar surat botako den landetako belarra
Jainkoak hola beztitzen badu,
zenbatez gehiago zuek, fede ttipiko gizonak ?
Ez griña, bada, ez erran :
Zer janen dugu, zer edanen, zer jantziko ?
Paganoak dabiltza horien guzien ondotik.
Zeruko zuen Aitak badaki horien guzien beharra baduzuela.
Bila zazue lehenik Jainkoaren Erreinua, eta haren zuzentasuna,
eta beste hori guzia gainerat emana izanen zaitzue.
Ez griña, bada, biharamunaz,
biharko eguna bereaz griñatuko baita.
Egun bakotxak badu bere nekearekin aski.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.