kantajaunari.eus


Martxoaren 12a asteartea
Image - kantajaunari.eus

Hau da euskarazko liturgiaren atari ofizial berriaren helbidea Baiona, Lezkar eta Olorongo elizbarrutiarentzat.

Aspalditik igurikatzen zen tresna berri hau Euskal Herriko parropien, apezen, liturgi talde eta animatzaileen, parropietako koralen eta organisten zerbitzuko da.

Baionako elizbarrutiak bi herenerako eta Kanta Jaunari elkarteak heren baterako finantzatua izan da.

Zer du gaur egun atari berri horrek ?

  • Irakurgaiak : Bibliako irakurketen eta Igande eta Bestetako salmoen testuak, salmoaren partitura eta grabaketarekin, kantu hautu batekin eta Jainko herriaren otoitz  proposamenekin.
  • Kantikak : 2021ean argitaratu « Otoitz eta Kantu » azken bilduman argitaraturiko kantak, kantu bakoitzarentzat testua, bere erreferentziak (marka, egileak, konpositoreak, oharrak), frantsesezko itzulpena (baldin badago), partiturak, grabaketak eta bideoa, baldin badago. Bilaketa alfabetikoki edo gai edo denbora liturgikoaren arabera sailkatuz errazten da.
  • Meza Sainduko Kantuak : mezaren une desberdinetako testuak, partiturak eta grabaketak (agurrak, Bekatuen urrikiak, Gloria, etab…) Atal honek, oraingoz, Erromako Meza Liburuan dagoen meza ofizialaz besterik ez du barne hartzen, eta ondoko asteetan osatua izanen da.
  • Beste Kantuak : atal honek kantiketaz bestelako kantu ezberdinak proposatuko ditu, hala nola katekesirako erabiliak edo paraliturgikoak, hau da, ospakizun liturgikoetarik kanpo erabiliak.
  • Hainbat baliabide : gaika sailkatuak (sakramentuak, erritualak, historia, kultura eta ondarea, musika eta kantuak, etab.), dokumentu ezberdinak aurkituko dira, hala nola erritual batzuen (bataioak, ehorzketak, ezkontza…) eskura jartzea, Vatikanoko II. Erreforma liturgikoaren historiari buruzko dokumentuak Euskal Herrian, debozio herrikoiei buruzko dokumentuak (beilak, Besta Berri…), gaur egun agortuak diren kantu zaharren bildumak edo partiturak, etab. Atal hau osatua eta emendatua izanen da ondoko asteetan.

Atari hau elebiduna da : webguneko baliabideen mamia euskaraz da ; hori da webgunearen izaiteko arrazoina eta, juridikoki, ez dugu eskubiderik irakurketak edo kantikak frantsesez argitaratzeko. Segur, nahi izan dugu euskaldun ez direnek errex nabiga dezaten frantses banderatxoan klik eginez, internautak atal ezberdinen frantsesezko izenburuak ikusiko ditu, bai eta eskuragarri diren baliabideen aurkezpenak ere ; kantuen zati handi batek frantsesezko itzulpena du.

Atari hau ebolutiboa da : denboran zehar, hobetua izanen da atal eta baliabide berriak gehituz (testuak, dokumentuak, partiturak, grabaketak, bideoak…)

Webgune hau « Kanta Jaunari » ko kideek eginiko lanaren jarraipena da, « Eliz Kantu Organoa lagun » (2015), « Salmoak » argitalpenean (2018), « Erromako Meza Liburua » aldare liburuan (2020an berrikusia) eta « Otoitz eta Kantu » parropien liburuan (2021) gauzatu dena.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu atari huntan eskaintzen diren baliabideak jabetza intelektualaren menpe daudela, bai Elizaren testu ofizialentzat, berdin testu eta musikentzat, berdi kantiken, kantuen eta obren grabazio eta harmonizazioentzat. Obra literario zein musikalen erreprodukzioa legez zorrozki zaindua da.

Eskerrik beroenak obratze huntan lagundu gaituzten guzieri, gure elizbarrutiko kristauen otoitzean eta formakuntzan lagungarri izango delako menturan, Jainkoaren loriarik handienarentzat !

KANTA JAUNARI.