Joel profetaren liburutik 2, 12-18.
Huna zer dion Jaunak :
Zuen bihotz guziaz itzul ene ganat, barur, nigar eta auhenetan.
Urra zuen bihotzak, eta ez soinekoak,
itzul zuen Jaunarenganat, zuen Jainkoarenganat,
bihozbera eta urrikaltsua baita,
nekez hasarretzen eta maitasun handikoa,
bere mehatxuez damutzen dena.
Nork daki, ez ote den itzuliko, gaztiguari uko eginik,
bere benedizionez zuen betetzeko,
oparia eskain diezozuen Jaunari, zuen Jainkoari.
Jo zazue dei-adarra Zionen !
Mana barur saindua, dei egin batzarrerat !
Bil populua, mana biltzar saindua !
Bil zaharrak, bil haurrak eta bularrean direnak !
Atera bedi senar gaztea bere etxetik, emaztea bere gelatik !
Atari eta aldare artean, apezek eta Jaunaren zerbitzariek
auhen egin bezate, erranez :
“ Barka, Jauna, barka zure populuari !
Ez utz zure ondarea ahalgegarri, jendaldeen aitzineann trufagarri !
Zertako erran lezakete jendaldeen artean :
“ Non dute beren Jainkoa ?”
Bainan Jauna amodioz sutan jarri da bere lurrarentzat,
eta bere populuaz urrikaldu.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
50. Salmoa
Bihotz berri bat eman guri
Pitz gutan, Jauna, gogo berri !
Urrikal zaite nitaz, Jauna,
Hoin duzu eta neurri gabeko bihotz ona.
Nere hobena ken errotik,
Garbi nezazu, garbi osoki bekatutik.
Nere gaizkien berri dakit,
Hobenak oro beti begitan badagozkit.
Zuri dut, zuri egin kalte,
Gaizki zaizuna zure begitan dut nik bete.
Bihotz berria ezar nitan,
Eta funtsezko xede azkarrak har ditzadan.
Zure begitik ez ni haiza,
Ez, Izpiritu Saindua kenduz, huts bihotza.
Pitz berriz nitan zure boza ;
Zerurateko gogo zabalak bete neza.
Jauna, ezpainak zabal neri,
Nere ahoak goraipa zaitzan herriz herri.
Jondoni Paulok Korintiarreri 2a: 5, 20 – 6, 2.
Haurrideak,
Kristoren mandatari gira,
Jainkoa gure bidez ari balitz bezala.
Kristoren izenean eskatzen dautzuegu :
bakea egizue Jainkoarekin.
Bekatua ezagutu ez zuena,
Jainkoak gure gatik bekatuarekin bat egin zuen,
haren baitan gu bilaka gaiten Jainkoaren zuzentasun.
Eta haren lankide baigira, otoizten zaituztegu
ez dezazuen alferrik har Jainkoaren grazia.
Berak baitio Liburu sainduan :
Ordu onean entzun zaitut,
salbamenduko egunean lagundu.
Huna orai egiazko ordu ona,
huna orai salbamenduko eguna.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza !
Bihotz-berritu zaitezte ba,
Hurbildua da zeruetako Erreinua !
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 6, 1-6. 16-18.
Egun hartan, Jesusek erran zioten dizipulueri :
“Behautzue zuen zuzentasuna ager jendeen bixtan,
jendeek ikustea gatik.
Bertzela, saririk ez dukezue zuen Aita zerukoaren aitzinean.
Amoina egiten duzuenean beraz,
dei-adarrik ez jo zuen aitzinean,
faltsuek zinagoga eta karriketan egiten duten bezala,
gizonek gorets ditzaten.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
Zuk, beraz, amoina egitean,
ez beza jakin zure esku ezkerrak zer ari zaizun eskuina,
gordean egon dadin zure amoina.
Eta gordean ikusten duen zure Aitak emanen dautzu ordaina.
Otoitzean ari zireztelarik,
ez izan gizon faltsuak bezala,
laket baitzaiote zinagoga eta karrika buruetan xutik otoitz egitea,
gizonek ikustea gatik.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
Bainan zu, otoitz egiten duzunean,
sar zaite zure gelan, eta atea hetsirik,
egiozu otoitz gordean zure Aitari,
eta gordean ikusten duen zure Aitak emanen dautzu ordaina.
Barur egiten duzunean,
ez jar faltsuak bezala begitartea ilun :
desegiten dute beren aurpegia,
jendeari erakusteko barur egiten dutela.
Egiaz diozuet, beren saria ukana dute.
Zuk aldiz, barur egitean,
usain gozoz gantzu zazu burua, eta garbi begitartea ;
horrela jendeak ez du jakinen barur zirela
bainan bai gordean den zure Aitak.
Eta zure Aitak, gordean ikusten duenak,
emanen dautzu ordaina.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1
Eta orai, gure egungo urratsak bere fruitu guziak eman ditzan,
zabal dezagun gure otoitza munduko alde guzietarat.
1. Jesu Kristoren Elizarentzat: lehena izan dadin egiazko itzultzearen etsenplua munduari emaiteko, egin dezagun otoitz.
2. Xumeak dira garizumako urratsak: otoitza, amoina, penitentzia gogotik egin ditzagun, Aita sainduaren eta apezpikuen erakaspeneri jarraikiz, egin dezagun otoitz.
3. Oraiko zozietatea Jainkorik ez balitz bezala bizi da, bere lege eta ohiduretan: Jaunak begira ditzan gizonak beren buruari kalte egitetik, egin dezagun otoitz.
4. Konbertitzearen beharra senditzen ez dutenentzat: heien begiak idek diten, bai eta bihotzak Jaunaren deiak entzuteko, egin dezagun otoitz
Jainko Jauna, bihotzen berritzeko graziak
eskaintzen dauzkitzugu garizuma huntan.
Egizu, otoi, ez ditzagun galtzerat utz.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Parropia bakotxak egokitu behar du