Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 63, 1 6-17 ; 64, 2-7.

Zu zira, Jauna, gure Aita, “gure Erosle” duzu izena betidanik.
Zergatik utzi gaituzu, Jauna, zure bideetarik baztertzen,
eta gure bihotzak gogortzen, zure beldurrik ez izaiteraino ?
Itzul zakizkigu, zure zerbitzariengatik,
zure ondarea diren leinuengatik.
Ai, zeruak urra bazinitza eta jauts bazinte !
Mendiak zure aitzinean urtuko litaizke.
Jautsi zinen eta mendiak urtu ziren zure aitzinean.
Behinere ez da entzun, ez jakin,
nehork ez du zutaz beste jainkorik ikusi
haren baitan sinesten dutenen alde hola egin duenik.
Zu ateratzen zira, pozik eta zuzen dabiltzanen,
eta zure bideak gogoan dituztenen bila.
Hasarre egon zinen, bai, bekatu egin baiginuen,
aspaldidanik bekatari baigira, eta halere salbatuko gira.
Guziak zikinduak bezala gira,
eta gure egintza onak ere trapu zikina bezala dira.
Hostoak bezala eihartu ginen,
eta gure bekatuek, haizeak bezala, eremaiten gintuzten.
Ez zion nehork zure izenari dei egiten,
ez zen nehor zuri hel egitera lehiatzen zenik.
Zure aurpegia gorde baitzinuen guganik,
gure bekatuen menpean utzi baigintutzun.
Halere, Jauna, zu zira gure Aita.
Gu, buztina gira, eta zu gure eltzegilea :
zure eskuetako lana gira guziak.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

79. Salmoa
Gu itzularaz berriz zu gana :
Begitarteaz gu salba, Jauna !

Izraeldarren artzain, entzun:
Zure ardiak lehen bezala otoi, lagun !
Zure indarra berpitz-azu:
Zato, Jainkoa, salba gaitzazun, etor ba zu !

Gu ganat itzul, Jaungoikoa,
Zerutik beha, gure zain heda zuk besoa !
Zain mahasti hau, zaint zazu ba:
Zure eskuinak lantu mahatsa, otoi, salba.

Zure gizona zuhauk lagun,
Hautatu duzun gizasemea hel dakigun.
Zure gaitutzu sekulako:
Pitz gaitzazu, pitz, guk zuri beti kantatzeko.


Partitura telekargatu Testu hau telekargatu

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 1, 3-9

Haurrideak,
grazia zueri eta bakea gure Aita Jainkoaganik
eta Jesu Kristo Jaunaganik.
Jainkoari eskerrak emaiten ari nitzaio beti zuengatik,
zueri Jesu Kristo baitan eman dautzuen graziaren gatik.
Alabainan, haren baitan aberastu zaituzte gauza guzietan:
bai hitz, bai Jainkoaren ezagutza guzietan.
Zeren, Kristori buruz egiten dugun aitormena
zuen artean sendo finkatua izan da.
Horrela ez duzue dohainik batere falta
Jesu Kristo gure Jauna noiz agertuko den beha zaudeztenek.
Berak sendo iraunaraziko zaituzte azkeneraino,
nehork zuen kontra erraitekorik izan ez dezan
Jesu Kristo gure Jauna etorriko den egunean.
Leiala da Jainkoa,
bere Seme Jesu Kristo gure Jaunarekin bat eginez
bizitzera deitu zaituzten Jainkoa.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Alleluia, alleluia.
Ager betiko bihotz ona,
salbamendua igor, Jauna !

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marken liburutik 13, 33-37.

Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri, erranez:
“ Kasu! Egon erne! Ez baitakizue tenorea noiz izanen den.
Bidaiaz joan zen gizon batekin bezala da:
Etxetik joaitean, bere mutilen gain uzten du,
bakotxari bere lana emanik,
eta atezainari erne egoiteko manatzen dio.
Zaudezte, beraz, erne,
ez baitakizue etxeko nagusia noiz etorriko den:
ilunabarrean ala gauerditan, oilarrak kantu egitean ala goizean.
Uste gabean etorri eta , ez zaitzatela lo aurki.
Zueri erraiten dautzuetana, deneri erraiten diotet:
Egon erne ! ”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Fededunen otoitz proposamena

Andiazabal, “Mezetako deiak”, B urtea, 1

Jainkoaren Hitza entzun dugu: deitzen gaitu erne egoiterat, Jauna noiz etorriko den beha. Hitz horrek berak susta dezala orai gure otoitza.

1. Jauna gizonen biderat ateratzen da: idek diten guzien bihotzak eta ongi etorri egin diezoten bizi berria ekartzen duen Kristori, egin dezagun otoitz.

2. Deneri erraiten diotet:”Egon erne”. Gure Eliza erne egon dadin heldu den Jaunaren dei guzieri, eta ontsa presta haren errezebitzeko, egin dezagun otoitz.

3. Jaunak zaituzte azkartuko azkeneraino. Eliza guziak, Jauna noiz etorriko den beha, goraki aitor dezan bere esperantza, egin dezagun otoitz.

4. Bizi huntan bidea galdurik, etsiturik diren guzientzat, kausi dezaten norbait heien gidatzeko argiraino, egin dezagun otoitz.

Jauna, erne egoiteko erraiten daukuzu,
eta gu aise lokartzen hemengo aisetasunetan:
Iratzar gaitzazu, otoi, eta susta
zuk eman lana bete dezagun.
Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

Parropia bakotxak egokitu behar du