Zofoni profetaren liburutik 2, 3 ; 3, 12-13.
Bila zazue Jauna, zuek, lurraldeko apal guziek,
haren manamenduak betetzen dituzuenek.
Bila zuzentasuna, bila apaltasuna :
beharbada aurkituko duzue geriza Jaunaren hasarre-egunean.
Izrael, herri apal eta behartsua utziko dut zure erdian,
eta Jaunaren izena gerizaleku izanen dute.
Izraelen bizirik geldituek ez dute tzarkeriarik eginen,
ez eta gezurrik erranen ;
heien ahoetan ez da mihi maltzurrik aurkituko.
Alhatuko dira eta atseden hartuko dute,
nehork ez baititu izituko.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
145. Salmoa
Dohatsu barnez behartsuak :
Heiena baita zeruetako Erresuma !
Jaunak betiko baitu zaintzen,
Bertzek joentzat hura zuzen.
Gosetueri harek ogi,
Gakotueri harek argi.
Itsutueri Jaunak begi,
Lehertueri dio : Jeiki !
Jaunak laguntzen urrun joanak,
Hazten umezurtz, alargunak.
Jaunak zuzenak ditu maite ;
Gizon makurrek traban dute.
Jainkoa Jainko betiere :
Gure Jauna Jaun mendez mende.
Jondoni Paulok Korintiarreri 1a: 1, 26-31.
Haurrideak, beha nor zirezten Jainkoak deituak :
zuen artean, ez da munduak zuhurtzat daukan ainitzik,
ez eta ahaltsu edo familia oneko ainitzik.
Bainan, munduak xorotzat daukana hautatu du Jainkoak
zuhurren ahalgearazteko ;
munduak ahultzat daukana hautatu du Jainkoak,
indartsuen ahalgearazteko ;
munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat daukana
munduaren begitan deus ez dena hautatu du Jainkoak,
zerbait direla uste dutenen ezeztatzeko,
nehork ez dezan Jainkoaren aitzinean harro izaiterik ukan.
Hari zor diozue Kristo Jesusen baitan izaitea,
hura egin baitu Jainkoak guretzat zuhurtzia,
zuzentasun, saindutze, erospen.
Hola betetzen da Liburu Sainduak diona :
Harro izan nahi duena, harro izan bedi Jaunaren baitan.
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
Alleluia, alleluia.
Bozkaria eta loria zaitezte,
nasaia baituzue saria zeruetan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 1-12.
Jendaldea ikustean, Jesus mendirat igan zen.
Jarri zelarik, dizipuluak hurbildu zitzaizkion.
Orduan, ahoa idekirik, irakasten hasi zitzaioten :
“ Dohatsuak bihotzez behartsuak direnak,
berena baitute zeruetako Erreinua.
Dohatsu eztiak
hitzeman lurraren jabe izanen baitira.
Dohatsuak nigarretan direnak,
kontsolatuak izanen baitira.
Dohatsuak zuzentasun gose eta egarri direnak,
asea ukanen baitute.
Dohatsuak urrikalkorrak,
urrikalmendu ardietsiko baitute.
Dohatsuak bihotz garbiak,
Jainkoa ikusiko baitute.
Dohatsuak bakegileak,
Jainkoaren seme deituak izanen baitira.
Dohatsuak zuzentasunarengatik gaizki erabiliak,
heiena baita zeruetako Erreinua.
Dohatsuak zuek, laidoztatzen eta gaizki erabiltzen zaituztetenean,
zernahi gaixtakeria, gezurrez erranen dutenean zuetaz, neregatik.
Bozkaria eta loria zaitezte,
handia izanen baita zuen saria zeruetan.”
Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.
(Pierre Andiazabal apeza, Mezetako deiak A urtea – sail berria)
Deus ez gira Jaunaren aintzinean, bainan haren amodioaren indarrean fidaturik, federekin helaraz diezogun gure otoitza.
1- Elizarentzat, munduan gaindi eta gure artean izan dadin Jesus bezala pobre eta guzien zerbitzari, eta egiazko zorionerako bidearen erakusle, egin dezagun otoitz.
2- Jesu Kristoren izena gatik gaizki erabiliak diren girixtinoentzat: beren baitan duten esperantzaren lekuko suhar izan diten, egin dezagun otoitz.
3- Mundu huntako buruzagientzat: beren indar guziez zuzentasunaren eta bakearen zerbitzari zintzo izan diten, egin dezagun otoitz.
4- Beren gorputzean edo bihotzean sofritzen dutenentzat: heien gauean argi egin dezan esperantzak, egin dezagun otoitz.
Jainko guziz zuzena, zuri fidatzen direnen bozkarioa, ezar-azu gure baitan zure Semearen Izpiritua, bihotzez pobre eta zure graziaz aberats ongi etorri egin diezogun beti zure Erreinuari. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Propositions à adapter par chaque paroissse