Lehen irakurgaia

Izai profetaren liburutik 45, 1. 4-6.

Huna zer dion Jaunak Ziro erregeari,
berak sagaratu eta eskutik hartu duenari,
herriak haren menpean ezartzeko
eta erregeeri soinetik armak kentzeko,
ateak haren aitzinean zabaltzeko, bat ere ez baita hetsirik geldituko.
“ Jakob nere zerbitzariarengatik, Izrael nere hautetsiarengatik,
zure izenaz deitu zaitut, eta ohorez bete,
zuk ni ezagutzen ez ninduzularik.
Ni naiz Jauna, eta ez da besterik :
ez da Jainkorik ni baizik.
Nik indartsu egin zaitut, zuk ezagutzen ez ninduzula,
ekialdetik mendebalderaino jakin dezaten
ez dela nehor nitaz besterik.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Salmoa

95. Salmoa
Ekar Jaunari, kantuz ekar,
herri guziek, ospe indar !

Kanta Jaunari kantu berri,
kanta guziek herriz herri !
Hura goraipa herriz herri,
eman lurrez lur haren berri !

Handi dugu bai handi Jauna :
Hari zor zaio goresmena.
Jauna ditaken handiena,
zerua Jaunak du egina.

Ekar Jaunari, kantuz ekar,
herri guziek ospe, indar.
Jaunak izena hain du azkar,
zor goresmenak kantuz ekar.

Sar haren baitan ahuspeka.
mundu guzia has oihuka :
Jainko da Jauna, ezin uka.
Herriak zuzen derabilzka.

Bigarren irakurgaia

Jondoni Paulok Tezalonikarreri 1a : 1, 1-5.

Paulo, Zilbano eta Timoteok
Jainko Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren baitan dagon
Tezalonikako eliz elkarteari izkiriatzen diogu :
Grazia eta bakea zueri.
Eskerrak emaiten diozkagu beti Jainkoari zuen guziengatik,
gure otoitzetan gogoan zaituztegula.
Jainko gure Aitaren aitzinean geldigabe gogoan ditugu
zuen fede aria, zuen maitasun entseatua,
eta Jesu Kristo gure Jaunaren baitan duzuen esperantza iraunkorra.
Badakigu, haurrideak, Jainkoaren maiteak,
harek hautatu zaituztela.
Alabainan, hots egin dautzuegun Ebanjelioa
ez zaitzue ele hutsez eman,
bainan Izpiritu Sainduaren indar beteaz, segurtamen osoz.

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.

Ebanjelioaren gorespena

Allelua, alleluia.
Bihur Jaunari, Jainko semeek, zor eskerrak,
bihur bai ospe, bai indarrak,
bihur Jaunari haren izenaren goresmenak.

Ebanjelioa

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 22, 15-21.

Farisauek elkar aditu zuten, Jesus nola bere eleetan harrapa.
Beren dizipuluak igortzen diozkate,
Herodesen alderdikoekin, erraitera :
“ Irakasle jauna, badakigu egia diozula,
eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzula,
nehoren axolarik gabe, ez baitiozu jendearen itxurari behatzen.
Erraguzu, bada, zer zaitzun :
haizu ote da enperadoreari zergaren ordaintzea, ala ez ? ”
Bainan Jesusek, heien maltzurkeriaren berri baitzakien,
ihardetsi zioten :
“ Zergatik nahi nauzue hutsean atzeman, faltsuak ?
Ea, erakuts zerga-dirua.”
Ekarri zioten denario bat.
Jesusek erran zioten :
“ Norenak dira itxura eta izena ? ”
Heiek ihardetsi: “ Zezar enperadorearenak.”
Jesusek, orduan :
“ Itzul, beraz, Zezarrena Zezarri, eta Jainkoarena Jainkoari.”

Jaunak errana.
Eskerrak zuri Jauna.